Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Bidenek Trumpi egotzi dio Kapitolioko erasoaren ardura: "Ez du onartzen hauteskundeak galdu zituela"

Duela urtebete Donald Trumpen ehunka jarraitzaile indarrez sartu ziren Kapitolioan, presidente errepublikano ohiak bultzatuta. Oldarraldian bost pertsona hil ziren. Trumpek hauteskundeetan iruzurra izan zela esaten segitzen du.

Joe Biden Kapitolioan egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Joe Biden Kapitolioan egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Joe Bidenek Trumpi leporatu dio haren jarraitzaileek duela urtebete egindako erasoaldia

3:27

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Donald Trump presidente ohiari (2017-2021) egotzi duela urtebete Washingtongo Kapitolioan izan zen oldarraldiaren ardura, "gezurraren bidez" bere jarraitzaileak eraikinean indarrez sartzera bultzatuz. Erasoan bost pertsona hil ziren eta 140 polizia zauritu zituzten.

"Bere egoak gehiago axola dio, gure demokraziak eta gure Konstituzioak baino. Ez du onartu galdu egin zuela", adierazi du Bidenek Kapitolioan egin duen agerraldian.

Bere izena aipatu ez badu ere, diskurtsoaren zatirik handiena Trumpi buruz hitz egiteko baliatu du Bidenek.

"Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak 2020ko hauteskundeei buruzko gezurrak sortu eta zabaldu ditu, boterea lehenesten duelako printzipioen gainetik", adierazi du.

Trumpek eta bere aliatuek irabazteko modu bakarra "botoak kentzea eta hauteskundeak nahastea" dela salatu du; izan ere, estatuetan hainbat erreforma egiten ari dira, gutxiengoan dauden kolektiboen eta baliabide ekonomiko urriak dituzten herritarren bozkatzeko aukera murrizteko.

"Ezin duzu gure herrialdea maitatu soilik garaile zarenean. Ezin duzu legea bete soilik zuri komeni zaizunean. Ezin zara abertzalea izan gezurrak erabiltzen dituzunean", aurpegiratu dio.

Ildo horretan, azpimarratu du ez dagoela inolako frogarik hauteskundeetako balizko iruzurraren tesia baieztatzen duenik. Baina errepublikanoek bertsio hori defendatzen dutenez, Trumpen jarraitzaile askok oraindik ere hala izan zela pentsatzen segitzen dutela deitoratu du.

"Bera ez da soilik presidente ohi bat. Hauteskunde libre eta justu batean, zazpi milioi botoren aldearekin garaitua izan zen presidente ohia da", azpimarratu du.

Trumpek iruzurraren teoriari eusten dio

Bidenen agerraldiaren ostean, Trumpek adierazpenak egin ditu eta berretsi egin du 2020ko azaroan egindako hauteskundeetan iruzurra izan zela eta horregatik galdu zuela.

"Berearekin atera ziren eta gure herrialdea hondamendira eramaten ari dira mugak irekita, energia-politika okerrak ezarrita, Konstituzioaren aurkako aginduan emanda eta ikastetxeak itxita", adierazi du Trumpek.

Halaber, komunikabideak ere kritikatu ditu, balizko iruzurra "gezur handi moduan tratatzeagatik".

"Demokratek urtarrilaren 6ko eguna bereganatu nahi dute, beldurra zabaltzeko eta Estatu Batuak zatitzeko", nabarmendu du Trumpek.

Kapitolioko oldarraldia

2021eko urtarrilaren 6an, Trumpen 10.000 jarraitzaile inguru manifestazioan joan ziren Kapitolioraino eta 800 bat eraikinean indarrez sartu ziren, Joe Bidenek hauteskundeetan lortutako garaipena berretsi zezatela ekiditeko asmoz.

Trumpek ez zuen bere porrota onartu, iruzurra izan zela zabaldu zuen eta bere jarraitzaileei Kapitoliora joateko eta borroka egiteko dei egin zien. Oldarraldi hartan bost pertsona hil ziren eta 140 polizia inguru zauritu zituzten.

Senatuan epaiketa politikoa egin zuten Trumpek gertakari horietan izan zuen ardura argitzeko, baina absolbitu egin zuten Alderdi Errepublikanoak ganbera horretan gehiengoa duela baliatuta.

Kapitolioko eraso egunean, Trumpen jarrera zein izan zen argitu nahian ari da lanean Kongresuko batzordea
Kapitolioko eraso egunean, Trumpen jarrera zein izan zen argitu nahian ari da lanean Kongresuko batzordea
Kapitolioko eraso egunean, Trumpen jarrera zein izan zen argitu nahian ari da lanean Kongresuko batzordea

1:22
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden