Mundua -

Koronabirusa

Alemaniak isolamendu epea murriztu du eta jatetxeetako murrizketak gogortu ditu

Herrialdeak 7,4 milioi koronabirus kasu baino gehiago atzeman ditu, azken egunean 56.000 kasu berri batu ostean.

Berlin, Alemania. Irudia: EFE
Berlin, Alemania
Berlin, Alemania. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak eta estatu federatuetako buruzagiek omikron aldaeraren hedapenaren aurrean neurri berriak ezartzea adostu dute, besteak beste, pertsona batzuen berrogeialdiaren salbuespena, horren murrizketa eta taberna eta jatetxeetan sartzeko murrizketak gogortzea.

Hala, Alemaniako agintariek txertoaren bigarren edo hirugarren dosia hartu duten pertsonak isolamendutik salbuestea erabaki dute, baita gaixotasunetik sendatu berri direnenak ere.

Gainera, berrogeialdia hamar egunera murriztuko da, eta isolatutako pertsonak proba diagnostiko batean negatibo ematen badu, soilik zazpi egun isolatzeko aukera izango du. Gaur egun, kontaktu estuen berrogeialdia 14 egunekoa da.

Taberna eta jatetxeetan sartzeko murrizketak gogortzeari dagokionez, Scholzek eta estatuko liderrek instalazio horiek bisitatu nahi dituzten herritarrek lehenago proba diagnostiko bat egin behar izatea erabaki dute, covid-19aren aurkako txertoa indartzeko dosia izan ezean.

Taberna eta jatetxeetarako sarrera mugatuta dago Alemanian, eta txertaketa pauta osoa dutenek edo duela gutxi gaixotasunetik sendatu direnek soilik bisitatu ditzakete leku horiek. Neurri horrek indarrean jarraituko du.

Alemaniak 7,4 milioi kutsatuko muga gainditu du ostiral honetan, azken egunean 56.000 kasu baino gehiago jakinarazi ostean. Gainera, 264 pertsona hil dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Txertoak Koronabirusa