Mundua -
Kontserbadoreen diruzainak
Dimisioa eman du diru truke Cameronekin hitz egitea eskaintzeagatik
Alderdi Kontserbadoreko diruzainak dimisioa aurkeztu du, izan ere, ezkutuan grabatu zuten David Cameron lehen ministroarekin harreman zuzena izateko 225.000 libra eskatuz.
Erredakzioa
Peter Cruddas Alderdi Kontserbadoreko diruzainak dimisioa aurkeztu da ezkutuko grabazio baten ostean. Bertan, "Sunday Times" egunkariko kazetariekin izandako elkarrizketa bat ikusten da eta David Cameron lehen ministroarekin harreman zuzena izateko aukera eskaintzen zien diru truke, zehazki, 250.000 libra eskatzen zituen (300.000 euro).
Hil honen hasieran, alderdiko diruzain nagusi izendatu zuten, eta ohar baten bitartez, "berehalako dimisioa" eman du.
Bestetik, Alderdi Kontserbadoreak, ukatu egin du horrelakorik onartu izana.
Ezkutuko grabazioan, Cruddasek kazetariekin izan zuen elkarrizketa ikusten da. Urtean 250.000 libren truke, Cameronekin "herreman zuzena" izateko aukera eskaintzen die. Kazetariek euren ustezko enpresak lehen ministroari ezagutaratzea dutela helburu esaten diote, eta Cruddasek "negozioentzat bikaina" izango dela erantzuten die.
Harreman zuzen horrek, Downing Streeten afariak egiteko aukera emango lieke elkarrizketaren arabera, baita Gobernuko politiketan "eragina" izateko aukera ere. Bestalde, oposizioko Alderdi Laboristak berehala eskatu dio Cameroni kontua argitzeko eta gaiaren inguruan dakiena kontatzeko.