Mundua -

KORONABIRUSA

Australiako Gobernuak bisa baliogabetu dio Novak Djokovic tenislariari eta ezingo du Australiako Irekia jokatu

Alex Hawke Australiako Immigrazio ministroak azaldu duenez, osasun eta ordena oneko arrazoiengatik hartu dute erabakia. Hala ere, ez dute Australiatik "berehala" deportatuko, justiziak bisa bigarren aldiz baliogabetzeko Gobernuaren erabakia berrikusi arte, behintzat.

Novak Djokovic tenislaria. Artxiboko argazkia: EFE
Novak Djokovic tenislaria
Novak Djokovic tenislaria. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Australiako Gobernuak bisa baliogabetu dio, bigarren aldiz, Novak Djokovic tenislariari; beraz, herrialdea utzi beharko du eta, ondorioz, ezingo du astelehenean hastekoa den Australiako Irekian parte hartu. Hain zuzen ere, Grand Slam zirkuituaren denboraldiko lehen torneoa da.

Hala ere, ez dute Australiatik "berehala" deportatuko, justiziak bisa bigarren aldiz baliogabetzeko Gobernuaren erabakia berrikusi arte, behintzat. Melbourneko Zirkuitu Federaleko Auzitegiak premiazko bista egin du ostiral honetan, Alex Hawke Immigrazio ministroak tenislariaren bisa bertan behera utzi ostean.

Alex Hawkek azaldu duenez, osasun eta ordena oneko arrazoiengatik hartu dute erabakia.

Itxura guztien arabera, tenis jokalari serbiarraren abokatuek erabakiaren aurkako helegitea jarriko dute, baina ez dago argi noiz helduko den epaileen erabakia.

Djokovic urtarrilaren 5ean joan zen Australiara. Herrialdera sartzeko ezinbestekoa da koronabirusaren aurkako txertoa jasota izatea, baina medikuaren agiri bat aurkeztu zuen salbuetsita zegoela argudiatuta. Dena den, Australiako agintariek bisa bertan behera utzi zioten eta Melbourneko hotel batean atxikita izan dute astelehenera arte. Astelehen honetan aske utzi dute, kirolariak bere abokatuekin hitz egiteko nahiko denbora izan ez duela argudiatu eta gero.

Australiara sartzeko imprimakian adierazi zuen bertara iritsi aurreko 14 egunetan ez zuela inora bidaiatu, baina Serbiatik Espainiara joan zen, eta, horrez gain, bere jaioterrian elkarrizketa bat eskaini zion Frantziako hedabide bati, covid-19an positibo eman zuela jakin arren.

Azkenean deportatu egingo balute, ezingo luke hiru urteko epean Australian sartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Nazioartea Tenis albisteak Eguneko albisteak Albisteak Beste kirol batzuk Txertoak azken ordukoa Serbia 2024 Djokovic gaur Australia albisteak gaur