Itxi

Mundua

ERRUSIA-UKRAINA

Ukrainaren aurkako balizko erasoaren ondorioak ondo neurtzeko ohartarazi dio AEBk Errusiari

AGENTZIAK | EITB Media

Ukrainan gerra saihesteko asmoz, bilera egingo dute gaur Genevan Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eta Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariak.

2:11
Bilera Berlinen. Irudia: EITB Media

Ameriketako Estatu Batuak eta Europar Batasuna bide diplomatikoa azkeneraino egiten ari dira Errusiarekin tentsioa baretu nahian. Orain arte, ordea, ahalegin horiek ez dute emaitzarik izan. Testuinguru horretan, eta Ukrainan gerra saihesteko asmoz, Genevan bilera egingo dute gaur Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eta Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariak. 

Anthony Blinkenek, hain justu, Ukrainaren aurkako balizko erasoaren ondorioak ondo neurtzeko ohartarazi dio Errusiari. "Egoera erabakigarrian gaude", onartu du diplomaziaburu estatubatuarrak Alemaniara egin duen bisitan. Aurrez, Ukrainatik ere pasatu da.

Elkarrizketaren aldeko apustua egiten duela baina pilota Errusiaren teilatuan dagoela azpimarratu du AEBko Estatu idazkariak. "Argi dugu Errusiak bere tropak Ukrainako mugara mugitzen baditu eta eraso ekintza berriak egiten baditu, Ameriketako Estatu Batuen eta gure aliatuen erantzun azkar, sendo eta bateratua egongo dela", adierazi du Blinkenek, Bloomberg albiste agentziaren arabera.

Errusiak, bere aldetik, idatzizko konpromisoa eskatu dio mendebaldeari, Ukraina NATOra batu ez dadin. Aliantza Atlantikoak azken urteetan ekialdera egindako hedapena Errusiarentzat mehatxua dela iritzi dio Vladimir Putin presidenteak. NATOk, ostera, argi utzi du ez duela onartuko inork agindu diezaion nor eta noiz batu daitekeen aliantzara.

Bestalde, Espainiako Gobernuak NATOk abian duen operazio militarrean parte hartuko du. Momentuz, bi itsasontzi bidali ditu, eta ehiza-hegazkinak Bulgariara bidaltzeko aukera aztertzen ari da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena