Mundua -

Geopolitika

Ukrainako egoeraren gakoak: mugimendu militarrak eta tentsio politikoa

2014an hasitako gatazka oraindik puri-purian dago, eta zonaldea munduko geopolitikaren taula bihurtu da jadanik. Gobernu ezberdinak pultsu dialektikoa egiten ari dira azken egunetan.

Errusiako tropak Ukrainaren mugetan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Errusiako tropak Ukrainaren mugetan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Errusiako tropak Ukrainaren mugetan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiaren dispositibo militar erraldoiak Ukrainako mugan gerra danbor hotsak areagotu ditu sobietar errepublika ohian. 2014an hasi zen gatazka oraindik puri-purian dago, eta zonaldea munduko geopolitikaren taula bihurtu da jadanik. Gobernu ezberdinak pultsu dialektikoa egiten ari dira azken egunetan.

Matxino separatistek Donbass eskualdearen zati handi bat bereganatu zuten duela ia zortzi urte. Hain zuzen ere, Mosku da haien babesle nagusia.

Gatazkari emandako babes politiko eta armamentistikoaz gain, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuen 2014an, baina Mendebaldeak ez dio zilegitasunik aitortu.

Minskeko Akordioek eraginik izan gabe jarraitzen dute

Minskeko Akordioak 2014ko irailean sinatu zituzten, eta 2015eko otsailean berretsi. Ukrainako ekialdean gatazkari amaiera eman behar zioten, baina egun eraginik izan gabe jarraitzen dute akordioek, eta sinatzaileek ika-mika etengabeak dituzte. 13.000 pertsona baino gehiago hil dira gerran, NBEko datuen arabera.

Zer paper jokatzen du potentzia bakoitzak Ukrainako krisian? Gure korrespontsalekin aztertu dugu egoera
Zer paper jokatzen du potentzia bakoitzak Ukrainako krisian? Gure korrespontsalekin aztertu dugu egoera
Zer paper jokatzen du potentzia bakoitzak Ukrainako krisian? Gure korrespontsalekin aztertu dugu egoera

5:13

Krimearen anexioa, egintza burutuen politika

Bestalde, Krimearen anexioa egintza burutuen politika bihurtu da azkenean; izan ere, penintsulak Errusiaren menpe jarraitzen du, nahiz eta Ameriketako Estatu Batuek nazioarteko presio kanpaina bat zuzendu.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak penintsula askotan bisitatu du, orain berak kontrolatzen duela argi uzteko.

100.000 soldadu errusiar baino gehiago Ukrainako mugan

Horrela, 2021eko azaroa iritsi da, Errusiak ezustean milaka soldadu zabaldu ditu Ukrainako mugan eta alarma guztiek jo dute.

Ez dute kopuru zehatzik baieztatu, baina 100.000 soldadu baino gehiagok osatzen dute dispositiboa. Gainera, Errusiak epe laburrean pauso berriak emateko gaitasuna duela ohartarazi dute AEBetako goi-kargudunek.

Adituen ustez, Errusia nazioartean protagonismo bila dabil eta guztiaren atzean indar erakustaldia egon liteke
Adituen ustez, Errusia nazioartean protagonismo bila dabil eta guztiaren atzean indar erakustaldia egon liteke
Adituen ustez, Errusia nazioartean protagonismo bila dabil eta guztiaren atzean indar erakustaldia egon liteke

2:06

AEB, EB eta NATO

Washingtonek Volodimir Zelenskiren Gobernuari babesa eman dio. Zelenski 2018an heldu zen boterera. Ukrainako agintariak gatazka bukatzeko promesa urrun ikusten du dagoeneko.

Europar Batasuna eta NATO erabakigarriak dira Ukrainak Errusiaren orbitatik urrun izan dezakeen etorkizunean, Aliantza Atlantikoa bereziki; izan ere, Kievek NATOrekin bat egin nahi du lehenbailehen.

Hain zuzen ere, Moskuk AEBenganako, bereziki NATOrenganako, hurbilketarekin justifikatu ditu egindako mugimendu polemikoak.

Putin ez da geldi geratuko

Armak Ukrainan sartzeko ataria bihurtzeari beldur dio Errusiak, eta marra gorri zehatz batzuk zeharkatzen baldin badira ezer egin barik geratuko ez dela argi utzi du Putinek behin baino gehiagotan.

Horregatik, NATOk Europako ekialdean zabaltzeari uztea nahi du Moskuk. Zelenskik, ostera, Ukrainari behin betiko babesa emateko integrazio egutegi argi bat finkatzea eskatu die aliatuei.

Aliantzarekin nor eta noiz bat egin behar duen inork agintzea ez duela onartuko argi utzi du NATOk.

Ukrainan gerra arriskua erreala dela uste du Asier De Blas EHUko adituak
Ukrainan gerra arriskua erreala dela uste du Asier De Blas EHUko adituak
Ukrainan gerra arriskua erreala dela uste du Asier De Blas EHUko adituak

1:10

Ekipo militar berriak Ukrainaren esku

Egia esan, Errusiaren mehatxuak kontrako eragina izaten ari dira Mendebaldean; izan ere, azken egunetan Europako zenbait gobernuk Ukrainari ekipo militar berriak entregatzeko konpromisoa hartu dute, haren alde daudela argi utziz, arlo politikoan zein militarrean.

Bidenek uste du Putinek ez duela Europan "gerra handi bat" nahi. Washington eta bere aliatuak mahai gainean balizko inbasio baten ondorioen inguruko adjektibo sorta jartzera mugatu dira oraingoz: "suntsitzaileak", "masiboak" eta "sekula ez ikusiak", azken asteetan erabilitako hitzak.

Gerra Hotza

Ukrainako egoera 1962ko Kubako misilen krisiarekin alderatu zuen Errusiako Gobernuko goi-kargudun batek orain dela gutxi. Dagoeneko gerra nuklearra aukera bat ez bada ere, etorkizun beltzeko pultsu sentsazioa dute bi testuinguruek.

Kuban eta Venezuelan tropak zabaltzeko aukera mahai gainean jarri du Moskuk, eta Bielorrusiara eta Kazakhstanera soldaduak bidali ditu bere boterea argi uzteko.

Errusiak inbasioa justifikatzeko Gerra Hotzeko taktikak erabiltzea ez du baztertzen AEBetako Inteligentziak. Estatu Batuetako komunikabide nagusiek aipatutako iturrien arabera, egitasmo sekretua eraso faltsu bat antolatzea izango litzateke, munduaren aurrean baliabide militarrak erabiltzea justifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin NATO Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa