Mundua -

UKRAINAKO KRISIA

Diplomaziak porrot egiten badu, Ukrainara begira erantzun koordinatua ematea adostu dute AEBk eta Europak

Hala adierazi dute astelehen honetan izandako bileraren ostean. Hala ere, oraingoz, Ameriketako Estatu Batuak eta Europa ez dira berdin jokatzen ari. AEBk "alerta gorenean" jarri ditu 8.500 soldadu inguru, beharrezkoa izanez gero jarduteko. EBk, berriz, ez dramatizatzeko eskatu du.

Ibilgailu militarrak Errusian. Artxiboko argazkia: Efe
Ibilgailu militarrak Errusian. Artxiboko argazkia: Efe
Errusiaren jarrera erasokorrari erantzun bateratua eman nahi diote AEBk, Natok eta Europar Batasunak

1:50

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilera telematikoa egin dute bart Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Europako hainbat buruzagik, AEBk deituta, Ukrainako krisiaz hitz egiteko. Batzarraren ostean egindako adierazpenetan Bidenek azpimarratu duenez, adostasuna erabatekoa da estatubatuarren eta europarren artean: "Oso-oso bilera ona izan da. Erabateko adostasuna dago Europako lider guztiekin".

Bidenek ia ordu eta erdiko elkarrizketa izan du bart Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin, besteak beste, Ukrainako krisiari eman beharreko erantzuna koordinatzeko.

Europako Batzordeko presidenteak EBko kideek eta aliatuek Ukrainaren eta Errusiaren arteko krisiaren larritasunaren aurrean izandako funtsezko trukea azpimarratu du. Halaber, diplomaziak porrot eginez gero "gertakari guztietarako" prestatzen ari direla azaldu du. NATOko idazkari nagusiak, berriz, Errusiak Ukrainaren aurka egiten duen edozein erasok "bere ordaina" izango duela ohartarazi du.

Horiez gain, hauek ere aritu dira bilera horretan: Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Olaf Scholz Alemaniako kantzillerra, Mario Draghi Italiako lehen ministroa, Andrzej Duda Poloniako presidentea, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea.

Azken horren esanetan, "europarrok eta aliatuok tinko eta batuta jarraituko dugu". Boris Johnson lehen ministro britainiarrak ere buruzagi aliatuen "nazioarteko batasuna" nabarmendu du, bart Downing Streeteko egoitza ofizialeko bozeramaile batek Johnsonek AEBko presidentearekin bilera birtuala egin ostean esan zuenez.

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak, bestalde, babestu egin du Europar Batasuneko Atzerri ministroen bilera bat egitea Kieven, hogeita zazpiek Ukrainari elkartasuna adieraz diezaioten. Twitterreko mezu baten bidez, eskerrak eman dizkio Bogdan Aurescu Errumaniako homologoari bileran aukera hori mahai gainean jartzeagatik.

Testuinguru horretan, baina, gaur-gaurkoz, AEB eta Europa ez dira modu berean erantzuten ari. Esaterako, AEBk alerta gorenean jarri ditu 8.500 soldadu inguru, behar izanez gero Europa Ekialdean jarduteko, eta Kiev hiriburuko enbaxada husten hasteko agindu du. Europar Batasunak, bere aldetik, ez ditu murriztuko Kieveko enbaxadako langileak, eta ez dramatizatzeko eskatu du. Gainera, Josep Borrell EBko Kanpo Arazoetarako goi ordezkariaren hitzetan, ez dute Errusiaren "berehalako erasorik" espero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak bideoak Europako herrialdei buruzko albisteak Errusia argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra gaur