Mundua -

Errusia-Ukraina gatazka

Errusiaren erantzunaren zain, AEBk eta NATOk idatziz bidali dizkiote Ukrainako krisiari buruzko proposamenak

Ukrainari lotutako gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko proposamen bana bidali diote Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk Errusiako Gobernuari. Biek ala biek gatazka diplomaziaren eta elkarrizketaren bidez konpontzeko eskatu dute, eta Ukraina NATOn sartzeko balizko aukerari eutsi diote.

Vladimir Putin artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Vladimir Putin artxiboko irudi batean
Vladimir Putin artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainan gatazka armatua saihesteko asmoz, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta NATOk proposamen bana bidali zioten atzo Errusiari. Orain, nazioartea Errusiaren erantzunaren zain dago.

John Sullivan enbaxadoreak eraman zuen AEBko Gobernuaren dokumentua Moskuko Atzerri Ministerioaren egoitzara.

Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak ziurtatu zuenez, NATOren ateak irekita daude Ukrainarentzat, eta herrialde horri betoa jartzeko exijentzia ez dutela onartuko azpimarratu zuen.

Blinkenen arabera, Ameriketako Estatu Batuak eta bere aliatuak prest daude Errusiaren aurkako neurri ekonomikoak hartzeko, bide militarretik jotzea erabakiko balu, eta Vladimir Putinek aukeratu egin behar duela gehitu zuen: bide diplomatikoa edo bide militarra.

NATOk elkarrizketaren bideari eusten dio, baina baztertu egin du Ukrainari Aliantza Atlantikoaren atea ixtea

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez, Errusiako Gobernuarekin mahai berean esertzeko prest dago.

Atzo Errusiari bidali zion proposamenak 30 aliatuen oniritzia daukala azpimarratu, eta erantsi zuen orain Errusiak argitu beharko duela elkarrizketaren bideari heldu nahi dion ala ez.   Hori bai, Stoltenbergek berretsi zuenez, ez dizkiete NATOren ateak itxiko Europa ekialdeko herrialdeei, tartean Ukrainari. "Nazio guztiek eskubidea dute NATOn sartzea eskatzeko, eta guk horri ez diogu mugarik jarriko", adierazi zuen.

Bestalde, Moskuk proposamen hori baztertzen badu eta bide militarraren aldeko hautua egiten badu, NATOk "egun gutxitan" hainbat estatutako 5.000 militar mugitzeko ahalmena duela nabarmendu zuen.

Normandiako Laukotearen bilera

Ukrainako gatazka konpontzeko bide diplomatikoa erabiltzearen aldeko konpromisoa berretsi du Normandiako Laukoteak.

Parisen zortzi ordutik gora iraun zuen bilera egin ostean, Errusiak, Ukrainak, Frantziak eta Alemaniak desadostasunak gainditzeko eta Minskeko Ituna betetzeko borondatea erakutsi zuten.

2020ko uztailaren 22ean Ukrainan sinatu zuten su-etena baldintzarik gabe betetzea ezinbestekoa dela adierazi zuten.

Hurrengo bilera bi aste barru egingo dute Berlinen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Europa Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra