Mundua -

Errusia-Ukraina gatazka

Ukraina babestuko duela berretsita, Errusiaren aurrean bitartekari izateko eskatu diote Estatu Batuek Txinari

Joe Biden AEBko presidenteak eta Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak telefonoz hitz egin dute gatazka diplomatikoa aztertzeko.

Joe Biden bere bulegoan telefonoz hizketan. Artxiboko argazkia: EFE
Joe Biden bere bulegoan telefonoz hizketan. Artxiboko argazkia: EFE
Joe Biden bere bulegoan telefonoz hizketan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek berretsi dute irmotasunez erantzungo dutela Errusiak Ukrainari eraso egiten badio. Hala ziurtatu dio Joe Biden presidente estatubatuarrak Volodomir Zelenski presidente ukrainarrari ostegun honetan telefonoz izan duten elkarrizketan.

"Errusiak Ukraina inbadituz gero, Estatu Batuek eta bere aliatuek irmotasunez erantzungo dutela ziurtatu du. Halaber, Ukrainaren batasuna eta subiranotasuna aitortzen dituela berretsi du", adierazi du Etxe Zuriak ohar bidez.

Horrez gain, gogora ekarri du AEBko Gobernuak 449 milioi euroko dirulaguntza eman diola Ukrainari, eta herrialde horren ekonomia suspertzeko laguntza "makro-ekonomiko osagarri bat" nola bideratu daitekeen aztertzen ari direla.

Bestalde, Bidenek argitu du AEBren Kieveko enbaxada "irekita eta martxan" dagoela, langile batzuen senideak AEBra itzuli badira ere.

Amaitzeko, berretsi du ez dutela ezer egingo Ukraina kontuan hartu gabe, eta bere babesa eman dio Europa ekialdeko gatazka bideratzeko Normandiako Laukotea (Errusia, Ukraina, Alemania eta Frantzia) egiten ari den lanari.

Txinaren bitartekaritza eskatu dute

Bestalde, Estatu Batuek ostegun honetan Txinari eskatu diote Ukrainako krisian "era konstruktiboan" esku hartzeko Errusiarekin tentsioa jaisteko, gerra pizteak ondorio negatiboak izango lituzkeelako Pekinentzat ere.

Ned Price Estatu Departamentuko bozeramaileak prentsaurrekoan esan du gertuko harremana duela Errusiarekin, Mendebaldeko herrialdeek ez bezala, eta "eragin" hori aprobetxatzeko gonbita egin du, konfrontazioa gelditzeko.

Hala erantzun dute Estatu Batuek, Pekin Ukrainako krisiaren joko politikoan sartu ostean. Ohartarazpena egin diote Washingtoni, Moskuren "kezka legitimoak errespetatu" behar dituela adieraziz.

Antony Blinken Estatu idazkariarekin telefonoz izandako elkarrizketan, Wang Yi Txinako Kanpo Arazoetako ministroak NATOren "hedapen" militarra kritikatu du, eta "lasaitasuna" eta "eustea" eskatu ditu.

Lasaitasunerako deiari dagokionez, AEBko Gobernuak Pekini gogorarazi dio komeni ez zaion gatazka bat ekiditeko eragin dezakeela.

"Ukrainan gatazka badago, Txinarentzat ere ez da ona izango. Eragin esanguratsua izango du ekonomia globalean", adierazi die hedabideei Vitoria Nuland Politiko Gaietarako Estatu idazkariordeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra