Mundua -

Macron-Putin bilera

Ukrainaren inguruko deseskalatzea "guztiz beharrezkoa" dela uste du Errusiak

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du tentsioa "egunetik egunera" ari delako handitzen.

Prentsaurreko bateratua Moskuko Kremlinen izandako elkarrizketen ondoren, Errusian. Argazkia: EFE
Prentsaurreko bateratua Moskuko Kremlinen izandako elkarrizketen ondoren, Errusian.
Prentsaurreko bateratua Moskuko Kremlinen izandako elkarrizketen ondoren, Errusian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak astearte honetan adierazi duenez, Ukrainako egoeraren inguruko deseskalatzea "guztiz beharrezkoa" da, tentsioa "egunetik egunera" ari delako areagotzen.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaineratu duenez, Errusia ikusten ari da mendebaldeko herrialdeak tropak, armaz betetako hegazkinak eta ekipamendu militarra bidaltzen ari direla Ukrainara, eta Ukraina maniobrak egiten ari dela. "Horrek, noski, tentsioa eragiten du", azpimarratu du.

Peskoven arabera, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Emmanuel Macron Frantziako presidenteari astelehen honetako bileran adierazi dio "tamalez" ez duela segurtasun bermeen inguruan egindako eskaeraren aurrean AEBren eta NATOren erantzunik jaso. Besteak beste, Ukraina eta Sobietar Batasunekoak ziren beste errepublikak NATOko kide gisa inoiz ez onartzeko eskatu du Errusiak.

Bestalde, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak adierazi duenez, Vladimir Putin Errusiako presidentea arazoa konpontzeko "edonorekin" biltzeko prest dago; izan ere, Ukraina ekialdean mugako tentsioa areagotu egin da eta Errusiaren inbasio militar baten beldur dira. Bielorrusiako maniobrak amaitzen direnean tropak mugatik aterako dituela gaineratu du.

Ukrainako krisiaz 5 ordutik gorako bilera egin zuten atzo Emanuel Macron Frantziako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak Kremlinean. Egoera baretzen laguntzeko neurriak hartzearen alde agertu dira bi agintariak, eta Macronek esan du Putinek hitzeman diola eskualdearen egonkortasunaren alde lan egingo duela.

Macron baikor agertu da; izan ere, diplomaziaren bidetik krisiari irtenbide bat eman diezaioketela uste du. Oraindik denbora dagoela esan du, eta datozen egunak erabakigarriak izango direla.

Frantziako presidenteak Moskun hitz egindakoa Ukrainako presidenteari azalduko dio gaur Kieven, eta Parisera bueltatu aurretik, beste geldialdi bat egingo du Berlinen, Olaf Scholz kantzilerrarekin batera Biden eta Putinekin azken egunotan hitz egindakoari buruzko hausnarketa egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Mosku Vladímir Putin Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra