Mundua -
Lagun bat zauritu da
Lehergailu batek eztanda egin du Korsikako polizia-etxe baten ondoan
Inork ez du atentatua bere gain hartu eta Frantziako presidente izateko hauteskunde kanpainan gertatu da.
Erredakzioa
Pertsona bat larri zauritu da bart, Korsikako Ajaccio hiriko polizia-etxe baten ondoan jarri duten lehergailu batengatik. Gainera, eztandak kalte material ugariak eragin ditu.
60 urteko lagun bat larri zauritu da, baina ez dute gizonaren inguruko daturik eman eta ez dute zehaztu lehergailuarekin zerikusia duen ala ez.
"France Info" irrati katean esan dutenez, leherketa goizaleko 02.00etan gertatu da eta bonba, polizia-etxe barruan edo ondoko edukiontzi batean zegoela adierazi dute.
Inork ez du atentatua bere gain hartu eta Frantziako presidente izateko hauteskunde kanpainan gertatu da. Hain zuzen ere, Nicolas Sarkozy datorren ostiralean joango da Korsikara.
Orain astebete, herrialdeko Corte hirian beste lehergailu bat atzeman zuten, baina ez zuen eztandarik egin.