Mundua -
petropolis
Guxienez 152 pertsona hil dira eta 165 desagertu Brasil hegoaldean, uholdeen ondorioz
Azken egunetako euri bortitzek eragindako uholde-uren metaketak luiziak ekarri ditu Petropolisen, Rio de Janeiro Estatuan. Bilaketa-lanak indartu dituzte orain, Brasilgo beste estatuetatik iritsitako suhiltzaile gehiagorekin.
agentziak | eitb media
Euri asko egin du azken egunotan Rio de Janeiroko (Brasil) Petropolis udalerri menditsuan, eta pilatutako urak eragindako luizi baten ondorioz, gutxienez 152 hil dira eta 165 desagertu. Hiriko eremu asko erabat suntsituta geratu dira.
Polizia Zibilak zerrenda berri bat zabaldu du larunbat honetan hildakoetako batzuen identifikazioarekin; ostiraleko zenbaketan baino 16 gehiago dira. Desagertutako pertsonak, berriz, 191tik 165era jaitsi dira azken eguneraketatik, Descubrimiento de Paraderoko polizia-etxetik jakitera eman dutenez.
Bilaketa-lanak indartu dituzte orain, Brasilgo beste estatuetatik iritsitako suhiltzaile gehiagorekin.
"Hunkigarria da Petropolisen bilaketekin laguntzeko beste estatuetatik Rio de Janeirora taldeak bidali dizkigutenen mobilizazioa ikustea. Mila esker gobernadoreei", esan du Caludio Castro Rio de Janeiroko gobernadoreak.
Agintarien esanetan, "azken mendeko okerrenak" dira euri bortitz hauek, eta kezkatuta azaldu dira luizi berriak izateko arriskuaren aurrean. Izan ere, aurreikuspen meteorologikoaren arabera, euri gehiago egingo du asteburu honetan.
Era berean, kezkatuta daude gaixotasunen transmisioarekin. Brasilgo Osasun Sailak uholde-ura ukitu duten edo azaleko lesioak izan dituzten herritarrei gomendatu die sintoma posibleen aurrean adi egoteko.