Mundua -

Errusia-Ukraina gatazka

Larrialdi egoera ezarri du Ukrainak

Neurria herrialde osoan sartuko litzateke indarrean, Donetsken eta Luhansken izan ezik, eta horrek baimena emango luke edozein herritarrek armak izan eta erabil ditzan inbasioa gertatuz gero.

Soldadua Ukrainan. Artxiboko argazkia: Efe
Soldadua Ukrainan. Artxiboko argazkia: Efe
Ukrainako gobernuak Errusiaren inbasioaren beldur dela onartu du

2:39

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluak larrialdi egoera ezartzea onartu du astelehen honetan, Errusiarekiko tentsioak gora egin duelako herrialdearen ekialdean. Neurriak, baina, Parlamentuaren babesa jaso behar du indarrean sartzeko. Azken honek aurreproiektu bat onartu berri du herritarrei armak edukitzeko eta beren burua defendatzeko baimena emateko.

2014az geroztik Donetsk eta Luhansk eskualdeeetan egon da indarrean larrialdi egoera, eta orain, herrialde osora zabaldu nahi du Kieveko gobernuak. Hilabeteko epea izango luke hasiera batean, baina, luzatzeko aukerarekin.

Oleksiy Danilovek Erakundearen idazkariak egin du iragarpena, eta nabarmendu du neurria ez litzatekeela indarrean sartuko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, azken zortzi urteetan gatazkaren epizentroa izan den eskualdeetan, hain zuzen ere, Ukrinform Ukrainako albiste-atariak jaso duenez.

Era berean, Ukrainako Barne Ministerioak Telegramen zabaldutako mezu batean adierazi duenez, herrialdeko mugetan murrizketa berriak sartu dituzte, eta gauez kalean egoteko eta mugara daramaten errepide-saretik kanpo dabiltzan ibilgailuentzako zirkulazioa debekatu dute. Gainera, atzerritarren presentzia eragozteko edo irrati-estazioen erabilera kontrolatzeko neurriak gehitu dituzte.

Astelehenean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako bi eskualdeen independentzia onartu zuen, eta ordu batzuk geroago Errusiako Indar Armatuak bertan sartzea agindu zuen, honen arabera, "bakeari eusteko misio" baten barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa