Mundua -
GERRA UKRAINAN
Bidenek Mendebaldearen batasuna azpimarratu du eta Putini esan dio ordaindu egin beharko duela
Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian, Joe Bidenek iragarri du Ameriketako Estatu Batuek aire eremua itxiko dietela Errusiako hegazkinei.
AGENTZIAK | EITB Media
Joe Biden presidente estatubatuarrak hitzeman du Vladimir Putinek ordaindu egin beharko duela Errusiak Ukraina inbaditzeagatik. "Uste zuen Mendebaldeak eta NATOk ez zutela erantzungo. Pentsatu zuen banatu egingo gintuela. Putin oker zegoen. Prest geunden", ziurtatu du.
Batasunaren egoerari buruzko hitzaldiaren herena Ukrainako gerrari eskaini dio Bidenek, eta iragarri du Ameriketako Estatu Batuek aire eremua itxiko dietela Errusiako hegazkinei, aurrez Kanadak eta Europar Batasunak egin bezala.
Halaber, mundu librearen oinarriak suntsitu nahi izatea egotzi dio Putini, baina, nabarmendu duenez, "askatasuna beti gailenduko zaio tiraniari".
Aurrez prestatuta zuen testua aldatu behar izan du Joe Bidenek, eta Ukrainako krisiari eskaini dio hitzaldiaren herena. Oksana Markarova Ukrainak AEBn duen enbaxadoreak bertatik bertara entzun du hitzaldia, Jill Bidenen alboan. Ukrainari buruzko adierazpenak amaituta, demokratak eta errepublikanoak zutitu eta txaloka hasi dira.
Ukraina albo batera utzita, barne gaiak ere izan ditu hizpide Bidenek. Inflazioari dagokionez, bere lehentasuna prezioak kontrolpean jartzea dela adierazi du, "kostuak murriztuz eta ez soldatak". Inflazioa azken 40 urteotako mailarik gorenean dago Ameriketako Estatu Batuetan.
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, hainbat estatuk kendu egin dituzte covid-19aren zabalkundea geldiarazteko ezarritako murrizketak, hala nola leku publiko itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna. Iaz ez bezala, Kapitolioan aukerakoa izan da maskara erabiltzea.