Mundua -
Ukrainako gerra
Macronek Putinekin harremanetan jarraituko du: "Ez gaude gerran Errusiaren aurka"
Bozeramaile errusiarren eta ukrainarren arteko negoziazioetan Parisen laguntza eskaini du Frantziako estatuburuak. Ukrainako gerra beste herrialde batzuetara zabaltzea eragotzi nahi duela erantsi du.
Agentziak | EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Vladimir Putin Errusiako homologoarekin harremanetan jarraituko duela esan du asteazken honetan, armak uztea nahi duelako.
Bozeramaile errusiarren eta ukrainarren arteko negoziazioetan Parisen laguntza eskaini du Frantziako estatuburuak hitzaldi batean. Ukrainako gerra beste herrialde batzuetara zabaltzea eragotzi nahi duela erantsi du.
Europar Batasunak eta beste aliatu batzuek Errusiaren eta Moskuko buruzagien aurkako zigorrak onartu eta erregimen errusiarreko ehunka babesleren ondasunak izoztu dituztela gogorarazi du Macronek.
"Hala ere, ez gaude gerran Errusiaren aurka. Europako herri handi horrekin lotzen gaituena badakigu, Bigarren Mundu Gerran sakrifizio ikaragarria egin zuen Europa infernutik libratzeko. Gerra mespretxagarri bat euren izenean aurrera eramatearen aurka dauden errusiar guztien ondoan gaude", azpimarratu du.
Nabarmendu duenez, "Frantziak, Europak, Ukrainak eta Aliantza Atlantikoak ez zuten gerra nahi". Hala ere, otsailaren 24an gatazka abiatu zuten, eta datozen egunetan areagotzea espero du Macronek.
Frantziako agintariaren hitzetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea gaur "ohorearen, askatasunaren eta kemenaren aurpegia da". Iragan ostegunetik telebistan egiten duen bigarren agerraldia izan da. Herritarrei egoeraren bilakaeraren berri emateko konpromisoa hartu zuen orduan Macronek.