Mundua -
Ukrainako gerra
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Errusiari "operazio militarrak berehala gelditzeko" eskatu dio
Era berean, "auzia areagotu edo luzatu dezakeen edozein ekintza aurrera eramatea saihesteko" eskatu diete epaileek Moskuri eta Kievi.
Agentziak | EiTB Media
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Errusiari Ukrainan "operazio militarrak berehala gelditzeko" eskatu dio. 13 epailek aldeko botoa eman dute, eta bik aurkako boza.
"Errusiako Federazioak edozein unitate militar edo talde armatuk (…) operazio militarrak areagotzeko pausoak ematea saihestu behar du", adierazi du Joan Donoghue Auzitegiko presidenteak, agindu judizialaren irakurketa publikoan.
Era berean, "auzia areagotu edo luzatu dezakeen edozein ekintza aurrera eramatea saihesteko" eskatu diete aho batez epaileek Moskuri eta Kievi.
NBEko auzitegira gatazka armatua eramateko, Kievek argudiatu zuen Errusiak Genozidio Delitua Zigortzeko eta Prebenitzeko Hitzarmena, bi herrialdeek 1948an sinatutako ituna, gaizki ulertu zuela; Moskuk inbasioa Donetsken eta Luhansken ustez egiten ari ziren genozidioarekin justifikatu baitzuen.
Epaileek gaur ebatzitako aginduak kautelazko neurriak dira, eta teorian auziaren muina epaitu arte aplikatu beharko lirateke. Hau da, Moskuk genozidioaren aurkako hitzarmena gaizki ulertu ote duen aztertu bitartean, urteak eramango lituzkeen prozesu judiziala.
Hala ere, Errusiak auzitegiaren agindua obedituko duen ikusteko dago, nahiz eta erabaki lotesleak izan, Nazioarteko Auzitegiak ez baitu Poliziarik epaiak betearazteko, eta estatu inplikatuen borondatearen menpe dago.
Herrialde batek auzitegiaren aginduei jaramonik egiten ez dienean, Estatu kaltetuak Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura jo dezake, "gomendioak egiteko edo epaia betetzeko neurriak zehazteko", NBEko gutunaren arabera.
Hala ere, Errusia kide iraunkorra da, eta beto eskubidea baliatu dezake, NBEko Segurtasun Kontseiluan aurkezten den edozein ekimen blokeatzeko.