Mundua -
Erregaien prezioa
Neurri ekonomikoak hartzeko martxoaren 29ra arte itxarotea berretsi du Sanchezek
Erabakiak berehala hartzeko eskatu dio oposizioak, martxoaren 29ra arte itxaron gabe, baina aurrena datorren astean Bruselako goi-bileran hartuko diren erabakiak ezagutu behar dituela uste du Espainiako gobernuburuak.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei eta sozialei aurre egiteko neurriak martxoaren 29ko Ministroen Kontseiluan onartzeko erabakia berretsi du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak.
Erabakiak berehala hartzeko eskatu dio oposizioak, martxoaren 29ra arte itxaron gabe, baina aurrena datorren astean Bruselako goi-bileran hartuko diren erabakiak ezagutu behar dituela uste du Sanchezek. Horrela, agintarian aurreikusitako egutegia defendatu du berriro.
Mario Draghi Italiako lehen ministroarekin, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroarekin eta Kyriakos Mitsotakis Greziako homologoarekin batera egindako agerraldian adierazi duenez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindutako Ukrainako inbasioak sortutako krisiak "berdin" eragiten die Europako herrialde guztiei, eta, beraz, erantzunak komuna izan behar du.
Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroa ere bertan izan da. Sanchez Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin bilduko da gauean, Berlinen, EBren erreforma energetikoa adosteko saiakeran.
Espainiako Gobernuko presidenteak Erromatik adierazi duenez, Europak erantzun bateratua eman behar dio energiaren eta gasaren prezioen igoerari, "27 modu desberdinetan" erantzun ezin den Europako arazoa delako.
Gainera, adierazi du erabakiak "premiazkoak" izan behar direla, eta ezin dela martxoaren 25era arte itxaron, orduan egingo baita Kontseilu Europarra Bruselan.
Sanchezek berretsi du Europako kideek, elkarrekin jarduteaz gain, berehala egin behar dutela. "Berandu gabiltza, lehenago egin behar genuen", adierazi du.
Hala, azpimarratu du Europako Batzordeak jarri behar dituela mahaian neurri bateratuak, eta nabarmendu du bileran dauden herrialdeek jarrera bateratua dutela. Gainera, berretsi du neurriak ezin direla atzeratu.