Mundua -
ukrainako gerra
Errusiaren erasoari eusten ari zaio Kiev, eta Ukrainako mendebaldeak nolabaiteko normaltasuna berreskuratu du
Errusiar tropak Ukrainan sartu eta hilabetera, nolabaiteko normaltasuna finkatu da mendebaldeko hirietan, Lviv hirian, besteak beste. Mariupol setiopean dute oraindik, eta Kiev eusten ari da, tropak hurbil izan arren.
agentziak | eitb media
Hamar milioi iheslari baino gehiago eta milaka hildako zibil utzi dituen inbasioa hasi zenetik hilabete igaro denean, nolabaiteko normaltasuna berrezarri da mendebaldeko hirietan, Lviv hirian, besteak beste; hego-ekialdean, baina, Mariupolek setiopean jarraitzen du. Kiev, berriz, eusten ari da, tropak hurbil izan arren.
Borroka zuzenak herrialdearen ekialdean kontzentratu dira, eta Ukrainako Armadak errusiar operazio militarren areagotzea antzeman du azken orduetan; Kiev, Txernihiv eta Kharkiv hirietan batik bat, horiek baitira orain helburu nagusiak hegoaldeko Odesa estrategikoarekin batera, bozeramaile militar baten arabera.
Errusiako tropak otsailaren 24an Ukrainan sartu zirenetik hilabete igaro den honetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "gerraren aurka eta Ukrainaren, bakearen eta askatasunaren alde" altxatzeko deia egin dio munduari. Era berean, Europa osoaren batasuna aldarrikatu du, Kieveko kaleetatik igorritako bideo baten bitartez.
Hiriburuan, Ukrainako Armadak errusiar indarren gaineko presioa areagotu du hiriko ipar-ekialdean. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren arabera, Errusiako tropek "hornidura eta adore arazoak dituzte", eta uste du Ukrainako tropek Makariv eta Moschun hartu dituztela, kanpoaldean. Bestalde, Oleksei Arestovitx Ukrainako Presidentetzako aholkulariak adierazi duenez, Errusiako Armadaren erasoaldia "ia gelditu" da azken egunotan, hein handi batean baliabide falta dela eta.
Azoveko itsasoko kostaldean, errusiar tropek Mariupol inguratzen dute oraindik. 100.000 pertsona inguru daude bertan setiatuta, etengabeko bonbardaketen artean; eta, alkatearen arabera, 3.000 herritar baino gehiago hil dira.
Lviv, normaltasuna berreskuratzeko bidean
Lvivera iristen diren trenen jarioa moteldu bada ere, egunero hamar bat konboi iristen dira hiriko geltoki zentralera; Mariupol, Zaporizhia, Kharkiv, Luhansk edo Kievetik datozen milaka pertsonarekin.
Askorentzat, Lviv eskala besterik ez da, Poloniako muga gurutzatu aurretik (3,5 milioi ukrainar inguru atera dira hortik hilabetean). Bitartean, 200.000 pertsonak ebakuatuta jarraitzen dute eskoletan, kiroldegietan eta hiriko beste hainbat eraikin publikotan.
Tren geltokiko inguruetatik kanpo, Lviv hiri arrunt baten tankera hartzen ari da, gero eta gehiago: trafiko handia, saltoki guztiak zabalik, kafetegiak beteta eta herritarrak, berriz, eguneroko bizitza berreskuratzen. Azken 24 orduetan ez da sirena-hotsik izan, eta gerraren mehatxua gero eta urrunago omen dago.
Andrii Sadovyi Lviveko alkateak ostegun honetan adierazi duenez, garrantzitsua da hiriko saltokiak zabalik egotea eta ekonomiak martxan jarraitzea, lana eman ahal izateko Ukrainako hiriburu kulturalean babes hartu duten ekialdeko Ukrainako milaka herritarrei.
Udalak lana bilatzeko zentro bat ireki du aste honetan bertan, herrialde barruko milaka errefuxiatuentzat. Eraikuntza-enpresa nazionalekin hitz egiten ari da, baita Turkia eta Alemaniakoekin ere, proiektu berriei ekiteko eta hirian etxebizitzaren balizko krisi bat ekiditeko.