Mundua -
Krisi energetikoa
Alemaniak gas larrialdi planaren alerta fase goiztiarra ezarri du
Ekonomia eta Klima ministroak zehaztu duenez, Errusiak bere gasa eta petrolioa bakarrik errublotan ordaintzea onartuko duela iragarri du, bestela, hornidura etengo duela.
Agentziak | EiTB Media
Alemaniako Gobernuak gas larrialdi planaren alerta fase goiztiarra ezarri du gaur, Errusiak hornidura eten dezakeelako. Hala ere, hornidura bermaturik dagoela ziurtatu du Berlinek. Alemaniako Industria Konfederazioak (BDI) "zentzuzko neurria" dela uste du.
Robert Habeck Ekonomia eta Klima ministroak prentsaurrekoan zehaztu duenez, Errusiak bere gasa eta petrolioa bakarrik errublotan ordaintzea onartuko duela iragarri du, bestela, hornidura etengo duela.
"Egoeraren aurrean prest egoteko, goizean gas larrialdi planaren alerta fase goiztiarra ezarri dut", esan du ministroak. Horrela, krisi talde bat egunero bilduko da, egoera aztertzeko.
Habeckek nabarmendu du hornidura bermaturik dagoela, akordio guztiak betetzen ari direla eta gas zein petrolioa Alemaniara heltzen ari direla.
Zentzu horretan, prebentzio neurri bat dela erantsi du, baina orain datorren neguan horniduraren segurtasuna bermatzeko eginahalak egin behar dituzte.
Egoerak okerrera egiten baldin badu alerta fase goiztiarretik alertara, eta ondoren larrialdira pasa daitezke.
Bestalde, azken asteetan Alemaniak Errusiako gasaren inportazioak % 55etik % 40ra jaistea lortu duela jakitera eman du ministroak, batez ere akordio berriak itxi dituztelako, hau da, Errusiaren menpekotasuna murrizteko esfortzuagatik.
Alemaniak gas naturala Belgika, Frantzia eta Herbehereetako terminaletatik jasotzen duela gogorarazi du buruzagiak, hornidura etengabea da, eta biltegiak % 25era daude. "Galdera erabakigarria: datorren udazkenari eta neguari begira deposituak beterik egongo al dira? Eta horretarako prestatu behar gara", azpimarratu du.