Mundua -
Ukrainako gerra
Belgorodeko erregai biltegi batzuei eraso egitea leporatu dio Errusiak Ukrainari
Bestalde, Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan du negoziazioetan aurrerapausoak eman dituztela, nahiz eta Kieveko herritarrak ez diren fio.
agentziak | eitb media
Viacheslav Gladkov Belgorod hiri errusiarreko eskualdeko gobernadoreak petrolio biltegiei eraso egitea leporatu dio Ukrainako Armadari, baina zehaztu du inor ez dela hil bi herrialdeen arteko mugatik gertu dagoen azpiegituran.
Gobernadoreak hasiera batean adierazi zuenez, Ukrainako Armadako bi helikoptero Errusiako eremuan sartu ziren, altuera baxuan, eta gutxienez depositu bati egin zioten eraso. Baina larrialdi zerbitzuek baieztatu dute bi eraso behintzat izan direla eta Belgorodnefteprodukteko azpiegiturako zortzi edukiontziri eragin dietela, Rosneft energia konpainiarenak.
"Uneotan zortzi edukiontzi daude sutan, guztiak 2.000 metro kubikoko edukiera dutenak. Sua zabaltzen jarraitzeko arriskua dago", Larrialdi zerbitzuek TASS agentziari adierazi diotenez. Azpiegiturak 27 biltegi ditu, eta horietako 14k 2.000 metro kubikoko edukiera dute.
Gobernadoreak ziurtatu du erasoak ez diola erregai hornidurari kalte egingo eskualdean, Gubkineko biltegira jotzen baitute orain, eta "13 egun arteko" hornidura dute bermatuta bide horretatik.
Duela egun batzuk, Belgoroden bertan, arma biltegi batean izan ziren leherketak, baina ez dute zabaldu zerk eragin zituen. Ukrainak ere txintik ere ez du esan erasoen inguruan.
Lavrovek "aurrerapausoak" iragarri ditu negoziazioetan
Bestalde, Serguei Lavrov Errusiako Atzerri gaietarako ministroak Indian egiten ari den bisita ofizialean esan du aurrerapausoak izan direla Ukrainaren neutraltasunaren inguruan, eta baita Donbassen aferan ere.
"Akordio horiek osatu egin behar dira, aurrerapausoak eman ditugu Ukrainak blokeetan ez parte hartzearen inguruan", adierazi du Errusiako diplomaziaburuak, Donbassen ere "ulermen puntuak" aurkitu dituztela gaineratu aurretik.
Tropa errusiarrak Kievetik kanpo
Tropa errusiarrak Kiev ingurutik eta Chernigov probintziatik aldentzen ari dira, iparraldean, baina inguruetako herritarrak ez dira seguru sentitzen eta ez dira negoziazioez fio.
Errusiako Armadak bertan behera utzi du "hein batean" Kieveko zeruaren okupazioa, eta Bielorrusiako mugara bidean dira soldaduak.