Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak eta Ukrainak negoziazioari berriz heldu diote, baina Mariupolen ebakuazioak porrot egin du berriro
Moskuk eta Kievek gatazka konpontzeko negoziazioari berriz heldu diote bideokonferentzia bidez. Hala ere, ustez Ukrainak Errusian erregai depositu baten aurka egindako erasoak elkarrizketak lausotu ditu. Gainera, Mariupol hiria ebakuatzeko enegarren saiakerak porrot egin du.
Agentziak | EiTB Media
Errusiak eta Ukrainak gatazka konpontzeko negoziazioari berriz heldu diote bideokonferentzia bidez. Hala ere, ustez Ukrainak Errusian erregai depositu baten aurka egindako erasoak elkarrizketak lausotu ditu. Gainera, Mariupol hiria ebakuatzeko enegarren saiakerak porrot egin du.
"Bideokonferentzia bidez negoziatzen jarraitzen dugu. Krimearen eta Donbassen inguruan gure jarrera aldatu ezina da", idatzi du Vladimir Medinski Errusiako negoziatzaileak Telegramen.
Gatazkako bi aldeen arteko jarrerak lehen aldiz hurbildu ziren duela hiru egun Istanbulen egindako bileran.
Elkarrizketen bosgarren saioa bukatu ondoren, Vladimir Putin Kremlineko buruzagiari emaitzaren berri emango diola adierazi du Medinskik. Putinek, ordea, ez du oraindik deus esan, nahiz eta gaur Errusiako Segurtasun Kontseiluaren bilera zuzendu.
"Aspaldiko partez, Kieveko agintariek Errusiarekin akordio batera iristeko borondatea agertu dute. Azken urteetan Errusiak mahai gainean jarritako eskakizunak betetzeko borondatea azaldu du Ukrainak", azpimarratu du Medinskik.
Ukrainak NATOn sartzeari, bloke militarreko kide izateari, arma nuklearrak izateari, suntsipen handiko armak izan, erosi edo garatzeari eta atzerriko baseak edo kontingente militarrak hartzeari uko egitea nahi du Moskuk.
Era berean, Krimeako penintsularen estatusa eta Donbass ukiezinak direla zehaztu du Moskuko ordezkariak.
Baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere jarrera argi utzi du: "lurralde osotasun eta subiranotasunaren inguruko konpromisorik ez dago, eta ez da egongo". "Ez dugu ezer lagako. Lur metro eta pertsona bakoitzeko borroka egingo dugu", adierazi du.
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea Putinen eta Zelenskiren arteko bilera bat lehenbailehen antolatzeko prest agertu da gaur; izan ere, bi agintariak ez dira 2019ko amaieratik elkartzen.
Bitartean, Mariupoleko ebakuazioak berriro porrot egin du. Iturri ezberdinen arabera, 100.000 pertsona baino gehiago harrapaturik daude Azov itsasoko hirian.
Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak onartu duenez, ostiral honetan ebakuazioa aurrera eramatea ezin dute ziurtatu, nahiz eta "itxaropena" mantendu.
Horretarako, gatazkako bi aldeei su-etena eskatzeaz gain, "ateratzeko ibilbide zehatza, hasiera ordu zehatza eta iraupena" eskatu dizkie.