Mundua -
KORONABIRUSA
Osasun zentroetan eta garraiobideetan bakarrik izango da derrigorrezkoa maskara bihartik aurrera, Alemanian
Oposizioak eta osasun erakundeek arinegi dela uste dute neurri hori hartzeko. Osasun ministroak berak barrualdeetan janzten jarraitzeko eskatu die herritarrei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larunbat honetan kenduko dituzte covid-19aren aurkako murrizketa gehienak Alemanian. Hala, bihartik aurrera, osasun zentroetan eta garraiobideetan bakarrik izango da derrigorrezkoa maskara. Aldizkako testak egiten jarraituko dute zenbait espaziotan, hala nola irakaskuntzan, "Landerrek" edo eskualdeek hala erabakitzen badute.
Oposizioak eta osasun erakundeek neurriak arintzea kritikatu dute, goizegi dela iritzita, eta herritarrei segurtasun neurriak hartzen jarraitzeko eskatu diete.
Alemaniako herritarrek maskararik gabe sartu ahal izango dute saltokietara zein jatetxe eta zinemetara igandetik aurrera, beraz, txertaketa-ziurtagiri edo test negatibo bat erakutsi beharrik gabe. Ostiraletik hala da Berlinen.
Hala ere, Karl Lauterbach Alemaniako Gobernuko Osasun ministroak dendetan zein beste barrualdeetan maskara erabiltzen jarraitzeko eskatu die herritarrei, "zuen buruak eta besteak babesteko" eta goraipatu egin du Angela Merkel kantziler ohiaren jarrera, beti maskara erabiltzen duelako.
Martxoan onartutako Infekzioak Babesteko Legeak aurreikusten duenez, intzidentzia oso handia duten barrutiak edo eskualdeak "foku" izendatu ahal izango dira eta neurri zorrotzagoak hartu. Oraingoz, Mecklenburgo - Mendebaldeko Pomerania eskualdeak eta Hanburgo hiriak soilik erabili dute erregulazio hori.
1.531,5 kasuko intzidentzia metatua
Gaur egun, 100.000 biztanleko 1.531,5 kasuko intzidentzia metatua du Alemaniak. Azken 24 orduetan 196.456 kutsatu berri izan dira eta 292 pertsona hil dira covid-aren ondorioz. Nolanahi ere, ospitaleratze-tasa jaisten ari da.
Osasun-zentro askotan, baina, ebakuntzak atzeratu behar izan dituzte, langileen artean baja asko izan direlako.
Gauzak horrela, Osasun ministroak eta RKIk positiboen koarentena 5 egunera jaistea proposatu zuten aste honetan, eta proposamena gogor kritikatu dute osasun sektoreko erakundeak.
Bestetik, txertaketa derrigortu ala ez bozkatuko dute datorren ostegunean Alemaniako Parlamentuan.