Mundua -
Ukrainako gerra
Satelite irudiek frogatuko lukete Butxa Errusiaren kontrolpean zegoen datetan han zeudela jada gorpuak
Errusiak muntaia egin izana leporatzen dio Ukrainari eta honek, ukatu egin du, eta jakinarazi du 400 zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituztela Butxa berreskuratzean. NBE materiala egiaztatzen eta gertatutakoa argitzen saiatzen ari da.
O.P. | Eitb Media
Butxako kaleetan etzanda dauden zibilen hilotzen irudiek mundua atsekabetzen jarraitzen dute. Azken egunetan duela aste batzuk herrian hartutako satelite irudiak zabaldu dira. Maxar Technologies enpresak bederatzi irudi argitaratu ditu martxoaren 18an, 19an eta 31n hartutakoak, eta irudietako gutxienez lautan herriko bide batean, Yablonska kalean, gorpuak izan daitezkeenak ikusten dira.
Hiria tropa errusiarren kontrolpean egon da martxoaren 30era arte. Eta beraz, irudi horiek errusiarren muntaiaren bertsioa ezerezean uzten du; gorpuak han zeuden tropa errusiarrak bertatik joan aurretik.
Errusiak azpimarratzen du Butxako sarraskia Ukrainaren muntaia dela. "Errusiako Armadaren aurkako edozein salaketa oinarririk gabea izateaz gain, ondo muntatutako ikuskizuna dela azpimarratzen dugu". Hala ziurtatu du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.
Volodomir Zelenski presidente ukraniarra Butxan izan da astelehenean eta sarraskia "nazioarteko justiziaren" aurrera eramatearen alde egin du. Izan ere, Ukrainako agintariek jakinarazi dute 400 gorpu baino gehiago aurkitu dituztela Butxako kaleetan, Errusiako tropek hainbat astez kontrolatu duten herrian.
Bien bitartean, Giza Eskubideetarako NBEren Bulegoak Ukrainako Butxa hirian ustez izandako sarraskiari buruz jasotako bideoen eta beste material batzuen egiazkotasuna aztertzen eta egiaztatzen jarraitzen du, baina bertan zibilak nahita hil zituztela "iradokitzen" dutela dirudi, Liz Throssell bulegoko bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez.
"Gertakari zehatzetan, auzitegiko medikuen analisiak, monitorizazioa eta informazio-bilketa behar dira nork zer egin zuen zehazteko", azpimarratu du Throssellek, eta askotan lan horrek luze jotzen duela adierazi du.
Testigantzak Butxatik
Mikel Ayestaran kazetaria Butxan da azken egunotan eta auzokideak elkarrizketatu ditu. Azken asteetan ikusitakoak, entzundakoak, bizitakoak eta sufritutakoak kontatu dizkiote.