Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Ukrainara arma gehiago bidaltzen ari dira NATOko herrialdeak, tankeak tartean

Espainiako Indar Armatuetako Inteligentzia Zentruko buruzagi ohiak ohartarazi du "oso ondo neurtu" behar dela zer motatako armak bidaltzen diren, Errusiak "etsaitasun ekintzatzat" jo ez dezan eta mundu mailako bakea arriskuan jarri ez dadin.

Ukrainar militar bat hondakinen aurrean, Kieven. Argazkia: EFE
Ukrainar militar bat hondakinen aurrean, Kieven. Argazkia: EFE
Ukrainar militar bat hondakinen aurrean, Kieven. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOko herrialdeak Ukrainara arma gehiago bidaltzen hasi dira, tanteak tartean, Dimitro Kuleba Atzerri ministroak eskatu bezala, datozen asteetan Donbassen espero diren borroka handiei aurre egiteko.

Txekiar Errepublikak T-72 modeloko tanke sobietarrak bidali ditu aste honetan, eta iturri aliatuek adierazi dute Polonia izango dela tankeak Kievera helaraziko dituen hurrengoa. Poloniako Gobernua borrokarako hegazkinak ematen saiatu zen Ukrainako Aire Armadari inbasioaren hasieran, baina bertan behera geratu zen asmo hori "gatazkan zuzenki esku ez hartzeko".

Orain, Europako iturri diplomatikoen arabera, Europako herrialdeen artean "badago tarterik" Kievi armamentu astunarekin laguntzeko: "Borondate politikoko kontua da, ez dago legezko oztoporik", azaldu diete albiste-agentziei.

Gainera, azken egunotan, Estatu Batuek iragarri dute gerra-gurdien kontrako 12.000 sistema, airekoen aurkako 1.400 sistema eta "ehunka" drone bidaliko dituztela Ukrainara, Errusiarren tanke bakoitzeko horien aurkako 10 sistema izan ditzaten.

Eslovakiak, berriz, aire bidezko erasoen kontrako S-300 defentsa-sistema helarazi dio Ukrainari, Errusiako Armadaren aire-bonbardaketei aurre egiteko.

Erresuma Batuak 100 milioi euro baino gehiagoko balio duten misil antiaereoak eta tankeen kontrako misilak bidaliko dituela iragarri du, baita zehaztasuneko munizioa ere eta Boris Johnson lehen ministroak ez du baztertu ibilgailu blindatuak bidaltzea.

Alemania armak bidaltzearen aurka agertu zen hasiera batean baina100 tanke bidaltzeko plana aztertzen ari da orain. Hala ere, barne-prozedu pendiente dago eta erabakiak zatiketa sortu du gobernu-koalizioan.

Gan teniente jeneralak ohartarazi du NATOk "asko neurtu" behar duela Ukrainari zer arma ematen dizkion

EFE agentziak egindako elkarrizketa batean, Francisco Gan Pampols Espainiako Indar Armatuen Inteligentzia Zentroko buru ohiak adierazi du NATOk eta Europar Batasunak "asko" neurtu behar dutela zer armamentu mota bidaltzen dioten Ukrainari, Errusiak "etsaitasun ekintzatzat" har ez dezan eta gatazka armatua mailaz igo ez dadin, "munduko bakea arriskuan jarriz". "Putinek orain onartu egin du", ohartarazi du.

Militarrak uste du "gerrilla gerra" baterantz jo dezakeela egoerak, Errusiak Donbasen erasoaldi handi bat egiten badu: "Ukrainak ezingo luke geldiarazi, eta, azkenean, erasoaldiak arrakasta izango balu eta Errusia Dnieper ibaira iritsiko balitz, beste gatazka-eredu bat izango litzateke: gerra irregularra" ohartarazi du eta gerra irregular hori "bizitza osorako izan daiteke, borrokarako borondatea dagoen bitartean luzatuko da" gaineratu du.

Gan Pampolsek uste du NATOk eta Europar Batasunak "eman dezaketen babesa" eman dutela. "borroka-gurdiak eta hegazkinak bidaltzeko aukera entzuten ari naiz. Nik asko neurtuko nituzke horrelako ekintzak, Errusia laster hasiko baita esaten etsaitasun ekintza zuzenak direla. Orain arte, onartu egin dute kontrakarro armak edo lurretik airerako kota baxuko misilak bidalitzea baina beste arma mota bat bidaliko bagenu, konturatu gabe gatazka areagotzen hasiko ginatekeela uste dut, eta Ukraina gaindituko lukeen gatazka batetik gertuago egongo ginateke, eta munduko bakea arriskuan jarriko litzateke" ohartarazi du: "Arma horiek lurretik airerako kota altuko edo oso altuko misilak lirateke -Errusiaraino irits daitezkeena-; aireko defentsa-sistemak (radarrak, intertzeptazio-sistemak...) eta lurreko armamentu mota bat: borroka-gurdiak, irismen handiko artilleria piezak, suziri-jaurtigailu anitzak etab.)

Errusiak bere kupula militarra berrantolatu du Ukrainan, koordinazioa hobetzeko

Bestalde, Errusiak Ukrainako operazioak zuzentzen dituen kupula militarra berrantolatu du bere unitateen koordinazioa hobetzeko asmoz, mendebaldeko iturri batek BBC kateari jakinarazi dionez.

Kremlinek Alexander Dvornikov jenerala izendatu du inbasioa zuzentzeko arduradun nagusi, kanal publikoak jakinarazi duenez. Aurretik Sirian aritu izan da.

Kramatorskeko "gerra krimenaren" egileek ordainduko dutela esan du EBk

Bestalde, Europar Batasunak ziurtatu du "erabat hunkituta" dagoela Donbassen, Kramatorskeko tren geltokiaren aurkako erasoagatik. 50 hildako izan ziren -tartean 5 haur-, eta EBk san du "gerrako krimen" horren arduradunak zigortuak izango direla.

"Ez da zigorgabetasunik egon behar gerra-krimenentzat. Giza eskubideen urraketengatik eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzeagatik zigorrak egotea bermatzeko neurriak hartzea babesten du Europar Batasunak" adierazi du ohar batean Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzuko (SEAE) bozeramaile batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Europako herrialdei buruzko albisteak Erresuma Batua argazkiak Espainia argazkiak Alemania albisteak NATO argazkiak Eguneko albisteak Ukraina Errusia Vladímir Putin Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski