Mundua -
Ukrainako gerra
Donbass izango da Ukrainako gerraren agertoki nagusia aste honetan
Errusiak Kieveko eskualdetik alde egin ostean, errusiarren eta ukrainarren arteko borrokak ekialdean eta hegoaldean gertatuko dira.
Agentziak | EITB Media
Donbass izango da Ukrainako gerraren agertoki nagusia, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aurreikuspenaren eta Errusiaren beraren iragarpenaren arabera. Errusiako tropek Kieveko eskualdea utzi ondoren, Moskuk aitortutako Donetsk eta Luhanskeko errepubliketan bildu dira orain.
Aste hau "tentsio handikoa" izango da Donbassen; izan ere, "tropa errusiarrak hara joango dira operazioekin jarraitzeko", esan du Zelenskik goizaldean telebista bidez eman duen mezuan.
Ukrainako Armadaren azken partearen arabera, "etsaiak tropen talde erasokor bat sortzen jarraitzen du Slobozhanskiko (Dnipro eskualdea) norabidean jarduteko, eta ziurrenik hurrengo egunetan okupatzaileak erasoaldiari berriro ekiten saiatuko dira".
Inbasioaren 47. egunean, Errusiak erasoaldiarekin jarraitzen du Donetsken. Armada Mariupol hiria erabat kontrolatzen saiatzen ari da. Bertan, portua eta Azovstaleko planta siderurgikoa baino ez daude Ukrainako Armadako milizien esku.
Bestalde, Ukrainako Aginte Gorenak salatu duenez, "litekeena da Errusiako Federazioko indar armatuek probokazio-ekintzak egitea Transnistria eskualdean", Moldaviatik independentetzat aldarrikatutako baina nazioarteak onartu ez duen errepublikan, "Ukrainari aldameneko estatu baten aurkako eraso bat leporatzeko".
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak, bere aldetik, esan du Errusia tropak biltzen ari dela Ukraina ekialdean.
"Susmoa dugu tropa errusiarrak ekialdean biltzen ari direla Donbassen eraso bat egiteko; ukrainarrak horren jakitun daude. Susmoa dugu datozen egunetan gerra areagotu egingo dela Donbassen", esan du.
Borrellen hitzetan, aurreko astean Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin batera Ukrainara egindako bidaiaren berri emango dio EBko Kanpo Arazoetako Kontseiluari.
"Han gertatzen denaren lekuko izan gara, tropa errusiarrek populazio zibilaren aurka egindako eraso basati eta bortitzen lekuko", adierazi du, eta han ikusitakoarekin "benetan txundituta" itzuli direla ziurtatu du.