Mundua -
galdeketa
Lopez Obradorrek herriaren babesa lortu du, parte-hartzea nahikoa izan ez bada ere
Hautesleen % 90ek baino gehiagok presidente mexikarraren alde egin du bere kargugabetzearen inguruan egindako kontsultan. Parte-hartzea ez da % 20ra iritsi, eta gutxienez % 40koa izan behar zuen kargugabetzeko erreferenduma loteslea izan zedin.
EITB MEDIA
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak herriaren babesa lortu du igande honetan bere kargugabetzearen inguruan egindako kontsultan. Hautesleen parte handi batek Obradorren alde egin du, nahiz eta parte-hartzea ez den nahikoa izan erreferenduma loteslea izateko.
Boza eman dutenen % 90ek baino gehiagok Lopez Obradorrek 2024ra arte agintean jarraitzearen alde egin du, Hauteskunde Institutu Nazionalaren arabera. Boto-emaileen % 7 inguru, berriz, kargutik kentzearen alde agertu dira, presidentearekiko konfiantza galdu ostean.
Babesaren inguruko datuak, ordea, desitxuratu egiten dira kontsultak izan duen parte-hartzea kontuan izanda, mexikarren % 20k baino gutxiagok bozkatu baitute. Ehuneko hori gutxienez behar zen parte-hartzetik oso urrun geratu da, % 40koa behar baitzen kontsulta loteslea izan zedin. 92,8 milioi mexikar inguru deitu dituzte botoa ematera.
37 milioi boto behar ziren gutxienez, baina ez dute lortu 16 milioiko langa gainditzea. Horrela, Lopez Obradorrek bere karguan jarraituko du seiurtekoa amaitu arte, erreferendumak ez baitu inongo baliorik izango.
Igandeko abstentzioak ez du inor harritu. Hauteskunde Institutu Nazionalaren kontseilariek uste dute parte-hartzea ez dela espero zena bezain baxua izan, kontuan izanda lehen aldiz egin dutela horrelako galdeketa bat. Gainera, oposizioko alderdiek abstentzioaren alde egin zuten.
Nahiz eta kontsultak Lopez Obradorren agintaldiaren amaiera ekar zezakeen, hark bultzatu du. 2019ko martxoan, gutun bidez jakinarazi zien mexikarrei galdeketa bat egingo zuela: "Une oro du herriak bere Gobernuaren forma aldatzeko eskubidea: hau da, herriak jartzen du eta herriak kentzen du". Kontsulta 2021. urtearen amaierarako aurreikusita zegoen, baina Hauteskunde Institutu Nazionalak igande honetara atzeratu zuen aurrekontu faltagatik.