Mundua -

Ukrainako gerra

Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egin dezakete ekainean

Suediako Alderdi Sozialdemokratak barne eztabaida abiatu du astelehen honetan. Finlandiako Gobernuak txosten bat egiteko agindua eman du, ondoren Parlamentura eraman eta eztabaidatzeko.

NATOren goi-bilera. Argazkia: EFE
NATOren goi-bilera. Argazkia: EFE
NATOren goi-bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finlandiak eta Suediak Aliantza Atlantikoan sartzea eskatzeko asmoa dute ekainean, iragan astean NATOko eta bi herrialde nordikoen Atzerri ministroen arteko bilera egin ondoren, The Times Erresuma Batuko egunkariak jakitera eman duenez.

Ukrainaren inbasioarekin Errusiak egindako "hanka-sartze estrategiko handia" azpimarratu dute bi herrialdeetako funtzionarioek; izan ere, une honetan Finlandia eta Suedia "udan NATOrekin bat egiteko prest daude".

The Times-en arabera, Washingtonek bi kide gehiago batzea espero du, 30etik 32 izatera pasatzeko. Gainera, bi estatu nordikoen jarrera aldaketa Ukrainako gerraren "ondorio zuzena" dela nabarmendu du AEBk.

Larunbatean, tradizionalki NATOren aurka azaldu den Finlandiako Gobernu koalizioko bazkidea alde agertu zen, Helsinki Aliantza Atlantikoko kide izateko bidea erraztuz.

"Gobernuak uste badu pausoa eta unea zuzenak direla, orduan ni, alderdiko presidente gisa, Finlandia NATOn sartzeko norabidean jartzeko prest nago", ziurtatu zuen Annika Saarikko Zentroko Alderdiaren presidenteak.

Bestalde, Suedia gobernatzen ari den Alderdi Sozialdemokratak segurtasun egoeraren eta NATOren inguruko barne eztabaida abiatu du astelehen honetan, orain arte Aliantzan sartzearen kontra baitzegoen.

Sozialdemokratak Parlamentuko lehen indarra dira. Azken kongresuan, iragan azaroan, estatusa mantentzearen alde azaldu ziren, baina otsaila amaieran Ukrainako gerra hasi ondoren, hori barne eztabaida abiatzeko arrazoia bilakatu da orain.

Magdalena Andersson lehen ministro sozialdemokratak Suediaren jarrera defendatu du azken asteetan, baina NATOn sartzea ez du baztertu.

Suediako Parlamentuan NATOren aurkako indarrek gehiengoa dute, baina SD ultraeskuineko alderdiak ezohiko bilera deitu du Aliantzaren inguruan hitz egiteko, nahiz eta orain arte kontra agertu, bertako komunikabideek jakinarazi dutenez.

Finlandia Aliantzan sartzen baldin bada Suediak jarraituko beharko liokeela adierazi zuen Jimmie Akesson SDko buruzagiak iragan asteburuan.

Finlandiak Suediaren antzeko estatusa du, baina Helsinkiko Parlamentuan NATOn sartzearen aldeko gehiengo bat dago orain.

Finlandiako Gobernuak abantaila eta arriskuen inguruko txosten sakon bat egiteko agindua eman du, datorren asteazkenean Parlamentura eraman eta eztabaidatzeko.

Sanna Marin lehen ministro sozialdemokratak azaldu duenez, helburua ekaina amaieran erabaki bat hartzea da, NATOk Madrilen goi-bilera egin baino lehen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NATO Eguneko albisteak Albisteak Suedia Finlandia Errusia-Ukraina gerra