Mundua -

Erresuma Batua

Boris Johnsoni isuna jarriko diote pandemia garaiko Downing Streeteko festengatik

Era berean, Rishi Sunak Ekonomia ministroari isuna jarriko diote. Londreseko Poliziak jakitera eman duenez, dagoeneko 50 isun baino gehiago igorri dizkie Gobernuko langileei, covidari aurre egiteko araudia urratzeagatik.

Erresuma Batuko lehen ministroa festetako batean. Artxiboko irudia: 'The Mirror'
Erresuma Batuko lehen ministroa festetako batean. Artxiboko irudia: 'The Mirror'
Boris Johnson isuna jasoko duen aurreneko lehen ministroa izango da Erresuma Batuan

1:17

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari eta Rishi Sunak Ekonomia ministroari isunak jarriko dizkiete pandemia garaiko murrizketak indarrean zirenean Downing Streeteko festetan parte hartu izanagatik, Gobernuko bozeramaileak baieztatu duenez.

Londreseko Poliziak (Met) jakitera eman duenez, dagoeneko 50 isun baino gehiago igorri dizkie Gobernuko langileei, covidari aurre egiteko araudia urratzeagatik.

"Poliziak isuna jartzeko asmoa duenaren jakinarazpena jaso dute gaur lehen ministroak eta Ekonomia ministroak", azaldu du Exekutiboko bozeramaileak.

Downing Streeten zein Gobernuko beste eraikin batzuetan egindako 12 festa eta ekitaldi sozial ikertzen ari dira segurtasun indarrak. Lehen ministroak gutxienez horietako hirutan parte hartu zuen.

Buruzagi laboristak dimisioa eskatu du

Keir Starmer laboristak, oposizioko buruzagiak, Sunak eta Johnson zigortu behar dituztela jakin bezain laster, "dimisioa eman behar" dutela esan du, legea urratzeagatik eta "herritarrei behin eta berriro gezurra esateagatik".

"Kontserbadoreak guztiz zikinduta daude gobernatzeko. Erresuma Batuak zerbait hobea merezi du", idatzi du Starmerrek Twitter sare sozialean.

Urtarrila bukaeran, Sue Gray goi funtzionarioak festen inguruko txosten partzial bat argitaratu zuen. Exekutiboaren "lidertza falta" kritikatu zuen Grayk, herritarrak murrizketa zorrotzak pairatzen ari zirenean bilera sozialak saihestu ez izanagatik.

Era berean, Downing Streeten "gehiegizko alkohol kontsumoa" ematen ari zela salatu zuen. Hala ere, txostenaren zati bat bakarrik jakitera eman zuten, Poliziaren ikerketa ez oztopatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Ingalaterra Boris Johnson Koronabirusa