Mundua -

Hauteskundeak Frantzian

Aurrez aurreko eztabaida: Macron faborito da, baina Le Penek ikasita dakar lezioa

Asteazken honetan, Emmanuel Macron eta Marine Le Pen aurrez aurre izango dira telebistan. Funtsezko hitzordua bientzat; izan ere, Eliseora iristeko boto-emaile nahikorik ez dutenez, beste alderdi batzuetakoak konbentzitu beharko dituzte biek ala biek.

Le Pen eta Macron, 2017ko eztabaida hasi aurreko uneetan. EFE
Le Pen eta Macron, 2017ko eztabaida hasi aurreko uneetan. EFE
Le Pen eta Macron, 2017ko eztabaida hasi aurreko uneetan. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macronek eta Marine Le Penek, Frantziako presidentetza lortzeko lehian, asko izango dute jokoan asteazken honetan, telebistan, 20:50ean hasita egingo duten eztabaidan.

Bi hautagaietako inork ez du nahikoa boto Eliseora zuzenean sartzeko; beraz, bigarren itzulirako helburua eta, zehatzago, eztabaidarako, beste hautagaia okerragoa dela sinetsaraztea izango da, hain justu. 

Presidente liberala eta buruzagi ultraeskuindarra lehia garrantzitsua prestatzen ari dira azken orduetan, eta ez dute ekitaldi publikorik programatuta. Badakite eztabaida duela bost urte izan zutena baino askoz erabakigarriagoa izan daitekeela.

Inkesten arabera, Macronek Le Penekiko abantaila zertxobait handitu du lehen itzulitik (inkestek, batez beste, botoen % 55,2 ematen dizkiote, lehen itzulian % 44,8 eman ondoren), eta, ondorioz, aurrez aurreko eztabaidan faborito gisa arituko da. 

Inor ez dago, ordea, fidatzeko moduan. Ezkerreko boto-emaileek egiten dutena erabakigarria izango da emaitzarako, baita abstentzioa ere (% 26koa izatea espero da). Macronen estiloak eta politikek ezkertiar asko uxatu ditu, eta 2017an baino zailagoa izango du eskuin muturra boteretik kanpo mantentzeko behar besteko babesa lortzea. Eztabaida aprobetxatzen saiatuko da boto horiek berreskuratzeko eta botoa eman ala ez zalantzan daudenak mobilizatzeko.

2017ko eztabaida egun presidente denaren garaipen izugarriarekin amaitu zen, analista eta komunikabide guztien arabera, neurri batean bere merituengatik eta neurri batean Le Penen paper txarragatik; haren adierazpenek eta tonu desegokiak lekuz kanpo zegoen Le Pen bat erakutsi zuten, estatuburu izateko neurria ematen ez zuena.

Le Pen orain bost urte baino hobeto prestatuta dator. Aurreratu zuen bi egun oso emango zituela eztabaida prestatzen, "une garrantzitsua" delako; joan den astean aitortu zuen duela bost urteko eztabaida bere ibilbide politikoko "porrotik handiena" izan zela.

Kanpainan izan duen portaerak, gai gatazkatsu eta polemikoetan sartu gabe, pentsarazten du eztabaida tonu bateratzaileago eta lasaiagoarekin bideratuko duela, duela bost urte ez bezala.

Aukera guztiak zabalik daude: edonork irabaz dezake eta edonork galdu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa