Mundua -

Ukrainako gerra

Ukrainan gerra-krimenak gertatzen ari direla ziurtatzeko ebidentziak “areagotzen” ari direla uste du NBEk

Errusiako indar armatuek eremu populatuak bereizi gabe bonbardatuz, besteak beste, “zibilak erail eta ospitaleak eta eskolak suntsitu dituzte”.

Ukrainan zibilen exekuzioak salatu dituzte. Argazkia: Efe.
Ukrainan zibilen exekuzioak salatu dituzte. Argazkia: Efe.
Ukrainan zibilen exekuzioak salatu dituzte. Argazkia: Efe.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Bulegoak "gero eta ebidentzia gehiago" atzeman ditu Ukrainan. Horren esanetan, Errusiako indar armatuek bereizi gabe bonbardatu dituzte eremu populatuak, eta horrela, "zibilak erail eta ospitaleak, eskolak eta militarrak ez diren beste azpiegitura batzuk suntsitu dituzte".

Zortzi aste igaro dira gatazka abiatu zenetik, eta, tarte horretan, "nazioarteko lege humanitarioa alde batera utzi ez ezik, bertan behera ere utzi du erabat", adierazi du Michelle Bachelet Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi-ordezkariak.

Apirilaren 8an Kramatorskeko tren-geltokiari egindako erasoak, 60 pertsona hil eta 111 zauritu zituenak, mota horretako ekintza militarrak debekatzen dituzten nazioarteko legeekiko errespetu falta erakusten du, goi-komisionatuak azpimarratu duenez.

Ukrainako Giza Eskubideen Monitorizazio Misioak baieztatu duenez, gutxienez 2.345 zibil hil eta 2.919 zauritu dituzte, baina Bacheletek azpimarratu du biktimen benetako kopurua "askoz handiagoa" izan daitekeela "liskar handiak izan diren lekuetan, Mariupolen kasu, izandako izugarrikeriak argitara ateratzen direnean".

"Indar errusiarrek aurretik okupatutako eremuetan zenbat zibil exekutatu zituzten orain jakiten ari dira", gaineratu du goi-ordezkariak, eta krimen horien ebidentziak gordetzeko, gorpuzkien tratamendu duina bermatzeko eta bizirik atera direnentzako eta haien senideentzako laguntza psikologikoa eskaintzeko ahaleginak egin daitezen eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia NBE Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra Giza Eskubideen Europako Auzitegia