Mundua -

Ezbeharra

Gutxienez ehun pertsona hil dira Nigerian, legez kanpoko findegi batean izandako leherketan

Imo estatuko Gobernuak, herrialdearen hegoaldean, azpiegituraren jabea bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez, 100 pertsona hil dira Nigerian, ostiraletik larunbaterako gauean hidrokarburoen legez kanpoko findegi batean izandako leherketa handi baten ondorioz. Abaeziko basoan izan da ezbeharra, Imo estatuan, Nigeria hegoaldean.

Leherketak sei ibilgailu suntsitu ditu, eta izua eragin du eremuan, Nigeriako Punch egunkariak bere edizio digitalean jakinarazi duenez. Bestalde, beste 150 pertsona zauritu dira, Daily Post egunkariaren arabera.

Goodluck Opiah Imo estatuko Petrolio Baliabideen komisarioak adierazi duenez, oraingoz ezin du baieztatu hildakoen kopuru osoa, "senide askok gorpu asko eraman dituztelako".

Era berean, Opiahk jakinarazi du eskualdeko Gobernuak legez kanpoko findegiaren jabea bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman duela; Okenze Onyenwoke izenarekin identifikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa