Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiako armadak Odesako aireportuari eraso egin dio
Misilak erabilita, Ukrainako aireportuko lurreratze pista suntsitu dute larunbat honetan. Ondorioz, azpiegitura erabilezin utzi dute.
Agentziak | EITB MEDIA
Odesako aireportuko lurreratzeko eta aireratzeko pista hondatuta geratu da larunbat honetan Errusiako misilen talkaren ondoren, tokiko Udalak jakitera eman duenez.
Joan den otsailaren 24an ekin zion Errusiak Ukraina inbaditzeari, eta aurrera doa poliki-poliki, Donbas (ekialdea) eta Ukrainako hegoalde osoa hartzeko asmoarekin. Izan ere, azkenengo informazioen arabera, herri horren ekialdearen eta anexionatutako Krimeako penintsularen arteko lurreko korridorea sortu nahi du Errusiak.
Errusiako indarrek hainbat aurrerapen taktiko lortu dituzte Donetsken eta Luhansken, baina aurrerapenak "mugatuak" dira Severodonetsketik mendebaldera, Luhansk eskualdean, eta geldirik daude Iziumetik hegoaldera, Kharkovekoan, Gerra Aztertzeko Institutuak gaur bere txostenean adierazi duenez.
Errusiak oraindik ez du lortu tropa ukrainarrak inguratzea Iziumetik ekialdera, hego-ekialdera eta hego-mendebaldera jaisten saiatzean Liman, Sloviansk eta Barvinkoven barrena Kramatorskera iristeko, Ukrainako Armadak Donetsken duen base militar nagusira, hain zuzen.
Hegoaldetik ere ez dute pintza bat sortzea lortu, nahiz eta Mariupoletik indarrak bidali, Errusiak kontrolatutzat jotzen duena, Azovstaleko altzairutegian geratzen den erresistentzia-gunea izan ezik.
Inteligentzia britainiarrak larunbat honetan adierazi duenez, Errusiak koordinazio taktikoko arazoak ditu oraindik.