Mundua -

Ukrainako gerra

Mendebaldeak Kievi armak bidaltzeari uzteko eskatu dio Putinek Macroni

Gainera, "Europar Batasuneko herrialdeek Ukrainako soldaduek egiten dituzten gerrako krimenei jaramonik ez egitea", kritikatu du Errusiako presidenteak. Bestalde, Azovstal altzairutegitik zibilak ateratzen jarraitzeko aukera ematea eskatu dio Macronek Putini.

Emmanuel Macronen eta Vladimir Putinen arteko bilera, Moskun, otsailaren 7an. Artxiboko irudia: EFE
Emmanuel Macronen eta Vladimir Putinen arteko bilera, Moskun, otsailaren 7an. Artxiboko irudia: EFE
Emmanuel Macronen eta Vladimir Putinen arteko bilera, Moskun, otsailaren 7an. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kievi armak bidaltzeari uzteko eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteak Emmanuel Macron Frantziako homologoari, Kremlinak jakitera eman duenez. Bestalde, Azovstal altzairutegitik zibilak ateratzen jarraitzeko aukera ematea eskatu dio Macronek Putini.

Macronen eta Putinen arteko elkarrizketa telefonikoak bi ordu eta hamar minutuko iraupena izan du. Martxoaren 29tik aurreneko solasaldia izan dute, eta Macronek berak eskatu du. Azken hauteskundeetan lortutako garaipenagatik Macron zoriontzeko aprobetxatu du Putinek.

"Europar Batasuneko herrialdeek Ukrainako soldaduek egiten dituzten gerrako krimenei jaramonik ez egitea", kritikatu du Errusiako presidenteak. "Donbasseko hiri eta herrien bonbardaketa masiboetan zibilak hiltzen ari dira", esan du Putinek.

Errusiaren hitzetan, Mendebaldeak krimenei bukaera ematen lagundu dezake, "Kieveko agintariengan eraginez, eta Ukraina armamentuz hornitzeari utziz".

Ukrainako ordezkariekin izaten ari den negoziazioen inguruan bere ikuspegia azaldu dio Putinek Macroni: "nahiz eta Kievek lan serioa egiteko borondaterik ez izan; Errusia, lehen bezala, elkarrizketarako prest dago".

"Donbasseko errepubliken defentsarako operazio militar berezia, Mariupolen askapena eta Azovstal altzairutegiko zibilen ebakuazioaren" berri eman dio Errusiako presidenteak Macroni.

Eliseok azaldu duenez, ebakuazioak "eragile humanitarioekin elkarlanean, eta herritarrei helmuga aukeratzen utziz" egin behar dira, "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera".

Gainera, Frantziako buruzagiak Errusiari "maila emateko" eskatu dio, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra baita. Zentzu horretan, Ukrainaren aurkako "eraso suntsitzaileari" amaiera ematea exijitu dio.

Azkenik, "konponbide negoziatu bat" errazteko laguntza eskaini dio Frantziako agintariak Putini, "bakea lortzeko, baina Ukrainaren burujabetza eta lurralde osotasuna erabat errespetatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Errusia-Ukraina gerra