Mundua -

ukrainako gerra

Putinek barkamena eskatu dio Beneti, Lavrovek juduen inguruan egindako adierazpenengatik

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak "Adolf Hitlerrek odol judua zuela" eta "antisemita txarrenak juduak zirela" esan zuen aste honen hasieran. Orain, Naftali Benet lehen ministro israeldarrak Putinen barkamena onartu du.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Vladimir Putin, Errusiako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Vladimir Putin, Errusiako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak barkamena eskatu dio ostegun honetan Naftali Benet lehen ministro israeldarrari, Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak aste honetan botatako adierazpenengatik. Izan ere, Adolf Hitlerrek odol judua zuela baietsi zuen.

Beneten prentsa bulegoak zabaldutako ohar baten arabera, "lehen ministroak Putinen barkamena onartu du Lavroven iruzkinengatik, eta eskertu du presidenteak herri juduaren eta Holokaustoaren memoriaren inguruan duen ikuspegia argitu izana".

Antisemita txarrenak juduak zirela baietsi zuen Lavrovek, eta hitzok Yair Lapid Israelgo Atzerri ministroaren erantzuna eragin zuten. "Barkaezintzat" eta "onartezintzat" jo zituen adierazpenak, Holokaustoko biktima guztiei barkamena eskatzeko eskatu zuen eta Israelen elkartzera deitu zuen enbaxadore errusiarra.

Ukrainako gerra hasi zenetik, tentsio unerik handiena eragin dute adierazpenek bi herrialdeen arteko harremanetan. Israelgo Estatuak jarrera epela mantendu du gerrari dagokionez, bi nazioek Sirian duten aliantza estrategikoa ez okertzeko. Aliantza horren bitartez, israeldar milizien posizioak eta Hizbulakoak bonbardatzea baimentzen dio Moskuk Israeli.

Gainera, Benetek zenbait aukera proposatu dizkio homologo errusiarrari, Mariupolgo Azovstal planta ebakutzeko. Hori da ukrainar erresistentziaren azken gotorlekua Ukrainako hegoaldeko hirian. Bertan 20.000 zibil baino gehiago hil direla kalkulatu izan da.

Asteazken honetan Benetek Volodimir Zelenski presidente ukrainarrarekin hitz egin ondoren izan da "eskaera humanitarioa". Putinek zibilen ebakuazioa baimentzeko konpromisoa hartu du, Nazio Batuen eta Gurutze Gorriaren korridore humanitario baten bitartez, lehen ministro israeldarraren bulegoaren arabera.

Ukrainar presidenteak asteazken honetan Twitter bidez adierazi zuenez, hark ere jorratu zituen Benetekin Lavroren "iruzkin neurrigabe eta erabat onartezinak".

Putinek ere bidali dio mezu bat Isaac Herzog israeldar presidenteari, Israelgo Independentziaren Eguna zoriontzeko, distentsio keinua Lavroven adierazpenek eragindako polemikaren ostean.

"Ziur naiz Errusiaren eta Israelen arteko harremanek, laguntasunaren eta elkarrenganako errespetuaren printzipioetan oinarrituak, gure herrien onurarako garatzen jarraituko dutela, eta Ekialde Ertainean bakea eta segurtasuna indartzearen mesedetan", adierazi du Putinek, bulego presidentzialaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Errusia albisteak Vladímir Putin albisteak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra