Mundua -

Ukrainako gerra

Gazpromek ez du arrazoirik ikusten Europara Ukrainatik barrena doan gas ibilbidea aldatzeko

Ukrainako gas-operadoreak "ezinbesteko kausa" argudiatu du Errusiaren kontrolpean dagoen Sojranivkatik igarotzen zen gas bolumenen herena aldi baterako eteteko, eta Sudzhatik desbideratzea proposatu du, Kieven kontrolpean; Errusiak baztertu egin du, "teknikoki ezinezkoa" delako.

Ukrainako gas estazio bat. EFEren artxiboko irudia.
Ukrainako gas estazio bat. EFEren artxiboko irudia.
Ukrainako gas estazio bat. EFEren artxiboko irudia.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazprom gas partzuergo errusiarrak ez du arrazoirik ikusten Ukrainatik Europara gasa hornitzeko ibilbidea aldatzeko. Hala adierazi du Ukrainako gas transmisio sareko operadoreak (GTSOU) "ezinbesteko arrazoiak" argudiatu ostean Errusiatik Europara garraiatzen duen gasaren herenaren joan-etorria aldi baterako eteteko.

Operadore ukrainarrak adierazi duenez, "okupatzaileen ekintzek Sojranivkako konexio-puntutik igarotzen zen gasaren zirkulazioa eten behar izatea eragin dute". "Ezinbesteko kausa" horren ondorioz, ezinezkoa da gasa bertatik garraiatzen jarraitzea, ezta Novopskoveko konpresio-estaziotik ere, Errusiako mugan biak ere, Ukrainako ekialdeko Luhansk probintzian eta Moskuko indarrek kontrolatutako lurraldean.

Sergei Kuprianov Errusiako enpresaren bozeramaileak Telegram bidez zabaldu duenez, "Gazpromek ez du ezinbesteko kausaren baieztapenik jaso, eta ez du eragozpenik ikusten lanarekin jarraitzeko".

Sojranivkako estaziotik 32,6 milioi metro kubiko gas igarotzen ziren egunean orain arte, hau da, Ukrainak Europara garraiatzen duen guztiaren herena, GTSOUren arabera. 

Operadorearen hainbat instalazio Errusiaren kontrolpeko lurraldeetan daude, eta Errusiak ez du horien gaineko kontrol operatibo edo teknologikorik, erantsi duenez. Ukrainak Gazprom errusiarrarekin duen igarotze-kontratuaren arabera, gertakari horiek "ezinezko egiten dute kontratuan jasotako betebeharrak betetzea, eta ezinbesteko kausa" dira, operadore ukrainarraren esanetan.

Gazpromek dioenez, orain arte Ukrainako espezialistak Sojranivkan aritu dira lanean, eta ezerk ez die eragozten lanean jarraitzea.

Hala ere, GTSOUk adierazi duenez, behin-behinean, aurreikusitako bolumenean Europara gasa hornitzen jarraitzeko "aukera dago", gasa Sojranivkaren interkonexio-puntutik Sudzhara transferituta; bigarren hori Ukrainaren kontrolpean dago, eta 77 milioi metro kubiko gas igarotzen dira handik egunero. Gazpromek baztertu egin du aukera hori, "teknikoki ezinezkoa" dela esanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra