Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Pussy Rioteko buruak mozorrotuta ihes egin du Errusiatik

Maria Alyokhinak bizitza osoa eman du giza eskubideak defendatzen, adierazpen-askatasuna, besteak beste. Bere herrialdetik janari-banatzailez mozorrotuta ihes egin du.

Maria Alyokhina mozorrotuta. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia.
Maria Alyokhina mozorrotuta. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia.
Mozorrotuta ihes egin du Pussy Riot talde errusiarreko buruak

0:10

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pussy Riot talde errusiarreko buruak, Maria Alyokhinak, Errusiatik ihes egin du Vladimi Putin presidentearen errepresioagatik, The New York Times egunkariak adierazi duenez.

Horretarako, artista etxez etxeko janari-banatzailez mozorrotu zen, Moskuko Polizia nahasteko eta ihes egiteko. Izan ere, Alyokhina bere lagun baten etxean bizi zen, Poliziaren zaintzapean. Han utzi zuen bere sakelako telefonoa, arrastorik ez uzteko. Lagun batek Bielorrusiako mugara eraman zuen, eta astebete behar izan zuen Lituaniara iristeko.

Apirilean, Errusiako presidenteak Ukrainari buruzko edozein kritika gogor erreprimitzen zuenean, agintariek jakinarazi zuten Alyokhina etxean atxilotuta zegoela eta 21 eguneko zigorra beteko zuela kolonia batean. Horren aurrean, aktibistak herrialdetik alde egitea erabaki zuen.

Ihes egin ondoren, Errusiako Barne Ministerioak bilatu eta harrapatzeko pertsonen zerrendan sartu du. Izan ere, espetxera sartzeko agindua zuen, baina ez zen bertan aurkeztu.

Iaz, Alekséi Navalni oposizioko lider errusiarrari laguntzeko manifestazioetan parte hartu zuen Alyokhinak, eta Polizia errusiarrak bortizki jazarri zituen oposizioaren aldeko elkarretaratze horiek. Une hartan, ekintzaileak Errusian jarraitzeko konpromisoa hartu zuen. Orain, ostera, bat egin du Ukrainako inbasioaren hasieratik ihes egin duten dozenaka mila errusiarrekin.

Pussy Riot protesta feminista hizpide duen talde errusiarra da. Moskun du egoitza, eta punk rock emanaldiak egiten ditu, baimenik gabe askotan. Horren abestien gai nagusiak feminismoa, LGTBI+ pertsonen eskubideak eta Vladimir Putinen aurkako oposizioa dira, taldeak diktadoretzat baitu. 2012an, Pussy Rioteko hiru kide, Maria Alyokhina tartean, kondenatu egin zituzten "erlijio-gorrotoak bultzatutako bandalismoa" egotzita, eta bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten bakoitzari.

Alyokhinak 33 urte ditu, eta bizitza osoa eman du giza eskubideak defendatzen, adierazpen-askatasuna, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina azken orduko Errusia berriak Vladímir Putin albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra