Mundua -

Finlandia

Errusiak adierazi du neurri "tekniko-militarrak" hartuko dituela, Finlandia NATOn sartzen bada

Vladimir Putinen Gobernuaren arabera, NATOren helburua bere azpiegitura militarra Errusiako mugaraino eramatea da. Horregatik, mehatxutzat jo dute Finlandia Aliantza Atlantiarrean sartzeko erabakia.   

Vladimir Putin. Artxiboko argazkia: EFE
Vladimir Putin. Artxiboko argazkia: EFE
Vladimir Putin. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak iragarri du neurri "tekniko-militarrak" hartuko dituela Finlandia NATOn sartzen bada; izan ere, Europa iparraldeko herrialdeak Aliantza Atlantiarrean sartuz gero, bere segurtasun nazionala arriskuan egongo dela ulertzen du Moskuk.

"Errusiak mota ezberdinetako neurriak hartu beharko ditu, tartean neurri tekniko-militarrak, bere segurtasun nazionalaren kontrako mehatxu berriei aurre egiteko", adierazi du Atzerri Ministerioak Finlandiak hartutako erabakiari aipu eginez.

Bi herrialdeek harreman ona izan dute azken hamarkadetan, Neguko Gerran (1939-1940) aurrez aurre izan baziren ere.  

San Petersburgo, Errusiako bigarren hiri nagusia, Finlandiatik 200 kilometrora dago.

"NATOren helburua argia da: Errusiako mugaraino zabaldu nahi du, gure herrialderi mehatxu egiteko hegal militar berri bat sortzeko", salatu du Gobernu errusiarrak.

Moskuren iritzian, Finlandiako agintariek erabakiarekin "herrialde horretako atzerri politika erabat aldatu da".

Ukrainan gerran segitzen duten bitartean, "NATOk gure mugara hurbiltzen jarraitzen du", ohartarazi du Kremlinek.

"Elementu horiek guztiak aztertuko ditugu eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu, gure segurtasuna bermatzeko", adierazi du Dmitri Peskov Gobernuaren bozeramaileak.  

Finlandia NATOn sartuz gero, ezarriko dituzten neurri zehatzak zeintzuk izango diren galdetuta, Peskovek ondoko erantzuna eman du: "Handitze hori nola gauzatzen den araberakoa izango dira neurriak, hau da, beraien azpiegitura militarrak gure mugaraino zenbat hurbiltzen dira hartuko dugu kontuan".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Finlandia