Mundua -

Palestina

Israelgo Polizia Xireen Abu Akleh kazetariaren hiletara joan diren herritarrei oldartu zaie

Bi bider eta hileta-segizioaren bi puntutan, Poliziak eraso egin die hilkutxaren bueltan zihoazen herritarrei. Ilargi Gorriak jakinarazi du dozenaka zauritu artatu dituztela.

Isrealgo polizia herritarrei oldartu zaie hiletan. EFE
Isrealgo polizia herritarrei oldartu zaie hiletan. EFE
Israelgo poliziak Shireen Abu Akle kazetari palestinarraren hileta-segizioaren aurka egin du

0:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Poliziak Xireen Abu Akleh kazetari palestinarraren hileta-elizkizunean parte hartu dutenen aurka egin du. Asteazkenean buruan tiro batez hil zuten kazetaria, Israelgo Armadak Zisjordania okupatuan egindako sarekada bat estaltzen ari zela.

Al Yazirako 51 urteko kazetari beteranoaren gorpua 14:00ak aldera atera da (11 GMT) Jerusalemgo Saint Joseph Ospitaletik, hilkutxa lepoan hartu eta hileta-segizioa hasteko Hiri Zaharreko eliza greko-katoliko melkitaraino eta gero hilerrira, milaka pertsona bertan zirela.

Israelgo poliziak kargatu egin du Palestinako banderan bildutako hilkutxa bizkarrean eraman nahi zutenen aurka; Israelen debekatuta dago bandera ahori erakustea.

Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez, dozenaka zauritu artatu dituzte ospitalearen inguruan.

Geroago, Xireenen gorpua furgoneta batean iritsi da Jerusalemgo Hiri Zaharreko Yafaren atera, eta bertan meza izan den elizara eraman dute. Ehunka lagun bertaratu dira, eta segurtasun-dispositibo handia jarri dute hiri osoan.

Han, polizia ere oldartu egin da jendetzaren eta Palestinako banderak astintzen eta dolu-kantak abesten ari ziren bertaratuen aurka. Batez ere, zerraldoa zeramatenei egin diete eraso. Hilkutxa goian mantentzen saiatu dira, baina erasoen ondorioz, zerraldoa ia lurrera erori da une batean.

Akleh, 51 urtekoa, asteazkenean hil zen bala batek buruan jota, Yeningo errefuxiatu-esparruan Israelen sarekada bati buruzko informazioa ematen ari zela, Zisjordania okupatuan. Haren hedabideak, Palestinako Aginte Nazionalak eta Arabiar Ligak Israeli egotzi diote hilketaren errua.

Israelek eta ANPk bi ikerketa paralelo dituzte zabalik hil zuen bala nork jaurti zuen jakiteko; izan ere, istiluetan Palestinako milizianoak ere ari baitziren tiroka; Naftali Benet Israelgo lehen ministroak palestinarrei leporatu zien heriotza hasieran, nahiz eta gobernuak bertsio hori leundu egin zeun. 

Autopsiak ez zuen hilketaren erantzuleari buruzko daturik argitara atera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Kazetaritza Ekialde Hurbila gaur