Mundua -

Gorenaren zirriborroaren aurka

Milaka emakume AEBko kaleetan, aborturako eskubidearen aldeko aldarrian

"Bans off our bodies" (debekuak gure gorputzetik kanpo) lelopean, 430 bat manifestazio izan dira AEBn. Gorenaren zirriborroa onartuz gero, 26 Estatuk debekatuko lukete abortua.

Milaka emakume Brooklyngo zubian, New Yorken. EFE
Milaka emakume Brooklyngo zubian, New Yorken. EFE
Milaka emakume Brooklyngo zubian, New Yorken. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aborturako eskubidea babes konstituzionalik gabe geratzeko balizko aukeraren aurrean, eskubide hau defendatzera kalera atera dira milaka emakume AEBn. Auzitegi Gorenak abortuaren inguruan egindako zirriborro bat filtratu zen komunikabideetan duela bi aste. Horren arabera, legezko aborturako eskubidea babesten duen 1973ko "Roe versus Wade" jurisprudentzia baliogatzearen alde egin du Gorenaren gehiengo kontserbadore batek. "Suntsitzailea litzateke zirriborroa onartuko balitz", esan du Gabriel Benazar Planned Parenthood elkarteetako bozeramaileak eta protesten antolatzaileetako batek.

"Bans off our bodies" (debekuak gure gorputzetik kanpo) lelopean, 430 bat manifestazio antolatu dituzte AEBko hiri nagusienetan. Horietako jendetsuenetarikoa New Yorken izan da. Milaka pertsonak, gehienak emakumeak, Brooklyngo zubia zeharkatu dute, Foley Square plazan bukatzeko.  

Washingtonen ere martxa handia izan da, obeliskotik Auzitegi Gorenaren egoitzaraino. "Goreneko kideei ez diet inolako errespeturik, talibanak bezalakoak dira", adierazi du Gloria Black tokiko auzokide batek. "Epaileek ez lukete moralitatearen gainean ebatzi behar". Manifestariek hainbat pankarta eraman dituzte: "kendu zure eskuak nire gorputzetik", "amatasuna aukera da, ez Estatuaren erabakia" eta "abortua giza-eskubidea da" bezalako leloak izan dira irakurgai.

26 Estatuk debekatuko lukete abortua

Gorenaren gehiengo kontserbadoreak "Roe versus Wade" jurisprudentzia baliogabetuko balu, Estatuak aske izango lirateke mugatzeko nahiz debekatzeko. Planned Parenthood elkartearen arabera, 26 estatu errepublikanok (tartean, Texas, Arizona, Misuri, Georgia) abortua mugatuko edo debekatuko lukete. Kalifornia, New York eta New Jersey bezalako Estatu aurrerakoietan ez da aldaketarik espero.

Gabriela Benazar Planned Parenthood elkarteko bozeramaileak ohartazi duenez, emakumezko beltzek, latinoek, migratzaileek eta diru-sarrera txikiak dituztenek bereziki pairatuko lituzketen eskubide hori baliogabetzearen ondorioak. "Ez da bakarrik aborturako eskubidearen aurkako erasoa, beste eskubideekiko erasoa baizik", ondorioztatu du.

AEBko presidenteordea zentzu berean mintzatu da Twitter bidez: "emakumeen eskubideak mehatxupean daude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak