Mundua -
HAUTESKUNDEAK KOLONBIAN
Ezkerra Gobernura eraman dezakeen bozketa egun historikoa bizi du gaur Kolonbiak
Gustavo Petro da Ivan Duque egungo presidentea ordezkatzeko faboritoa. Francia Marquez emakume afroamerikar feminista, legez kanpoko meatzaritzaren kontrako aktibista ezaguna, da bere ondokoa. Hauteslekuak itxita daude jada, eta emaitzen zain daude.
EITB MEDIA
Kolonbian 08:00ak zirenean (15:00ak Euskal Herrian) ireki dituzte hauteskunde presidentzialetako hauteslekuak, eta 16:00 direnean itxi dituzte (23:00etan Euskal Herrian). Inkestek diotenez, Itun Historikoa ezkerreko koalizioa da hauteskundeen lehen itzulia irabazteko faborito nagusia. Ezkerrak ez du inoiz agindu herrialde horretan; soilik eskuineko eta zentroko gobernuak ezagutu ditu txandaka. Gustavo Petro Bogotako alkate ohiak eta Francia Marquez ekintzaile feministak osatutako bikotea da mugimendu progresistaren ardatza.
Botoa ematera joan denean, "historia aldatzeko esperantza" duela esan du Petrok.
Eskuineko hautagai nagusia Kolonbiaren aldeko Taldeko Federico 'Fico' Gutierrez da. Uriberekin lotu izan dute askok baina berak dio "etiketarik edo loturarik ez" duela.
Fico Gutierrek ere eman du jada botoa, Ivan Duque egungo presidenteak bezala, eta bien ala biek ere botoa ematera joateko dei egin diete herritarrei.
Inongo hautagairik ez badu botoen % 50 lortzen, boto gehien dituzten biak ekainaren 19rako aurreikusitako bigarren itzulian lehiatuko dira.
38 milioi kolonbiar pasatxo egon dira botoa ematera deituta. Tartean, kanpoan erroldatutako 972.754 pertsona. Aste osoa izan dute atzerrian jarritako puntuetan botoa emateko.
Barakaldoko BECen izan da mahai horietako bat, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta inguruetan bizi diren kolonbiarrek bozkatzeko aukera izan dezaten. 2.147 pertsonak eman zuten botoa larunbatera arte, deitutakoen % 27k. ETBk gaur, han galdetuta, gehienek esan dute "aldaketaren aldekoak" direla.
EBko Hauteskundeak Behatzeko Misioak (MOE) jakinarazi du 3.539 hauteskunde-behatzaile dituela Kolonbiako 467 udalerritan, hauteskundeak ikuskatzen. Tartean dira Iñigo Iturrate (EAJ), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU), Miren Gallastegui (PSE-EE) eta Carmelo Barrio (PP+Cs) euskal parlamentariak.