Mundua -
Persiako golkoa
Iranek Greziako bi petrolio-ontzi konfiskatu ditu, eta Europar Batasunak gatazkaren konponbidea eskatu du
Joan den ostiralean atxiki zituen Iranek ontzi greziarrak; aldez aurretik, baina, Greziak Irango beste ontzi bat konfiskatu zuen, eta Irani lotutako hedabide batek zabaldu duenez, ekialdeko herrialdeak “zigor-neurriak” iragarrita zituen.
agentziak | EITB MEDIA
Persiako Golkoan, bi petrolio-ontzi greziar "konfiskatu" zituen Iranek joan den ostiralean. Horren aurrean, egoera "argitzeko" eta irtenbide bat emateko eskatu du igande honetan Europar Batasunak (EB).
Peter Stano Kanpo Harremanetarako Europako Zerbitzuaren bozeramaileak azaldu duenez, EBko agintariak "berehala" jarri ziren harremanetan Irangoekin, "konfiskatzea" zela planteatzeko, "kezka handia" adierazteko eta Persiako Golkoan dagoen "tentsioa murrizteko" eskatzeko.
"Nabigazio-askatasuna eta merkataritzaren zirkulazio askea EBk defendatzen dituen oinarrizko printzipioak dira", gogoratu du Europako bozeramaileak.
Irango Guardia Iraultzaileak bi petrolio-ontzi atzeman zituen joan den ostiralean Persiako Golkoan, Greziak, aurretik, petrolioa garraiatzen zuen Irango beste ontzi bat konfiskatu ondoren.
Ildo horretan, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Gorenari lotutako Nournews hedabideak iragarri zuen Teheranek "zigor-neurriak" hartuko zituela Greziak Irango ontzi hori konfiskatzeagatik.