Mundua -
Ukrainako gerra
Frederic Leclerc Imhoff kazetari frantziarra hil dute eraso batean, Severodonetsken (Luhansk)
Berriemailea BFNTV telebistarentzat lanean ari zen. Zonaldeko administrazio militarreko buruzagiak azaldu duenez, Errusiaren eraso batean hil dute, ebakuazio ibilgailu blindatu baten aurkako erasoan, hain zuzen ere.
Agentziak | EiTB Media
Ukrainako gerraren berri ematen ari zen Frederic Leclerc Imhoff kazetari frantziarra hil dute astelehen honetan, Severodonetsk hirian (Luhansk), Serhiy Haidai zonaldeko administrazio militarreko buruzagiak Telegramen jakitera eman duenez.
Haidaik azaldu duenez, Errusiaren eraso batean hil dute, ebakuazio ibilgailu blindatu baten aurkako erasoan, hain zuzen ere. Ondorioz, operazioa bertan behera utzi behar izan dute.
"Gaur gure ebakuazio ibilgailuek hamar pertsona hartu behar zituzten zonaldean, eta etsaiaren suaren mende geratu dira. Metrailak blindajea zulatu eta akreditazioa zeraman kazetari frantziarra lepoan larri zauritu du", erantsi du iturriak.
Prentsa akreditazioa sare sozialetan argitaratu du Haidaik. BFMTV telebistako berriemailearen argazki bat ikusten da irudian.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Leclerc Imhoffen heriotza baieztatu du. "Familiaren, hurkoen eta lankideen atsekabea partekatzen dut, elkartasuna adierazi nahi diet. Informatzeko misio zaila bertatik bertara bermatzen dutenei Frantziaren baldintzarik gabeko babesa agertu nahi diet berriro", idatzi du Macronek Twitter sare sozialean.
Macronen hitzetan, Leclerc Imhoff Ukrainan zen, "gerraren errealitatea" erakusteko, eta autobus humanitario batean zihoan, Errusiaren lehergailuetatik ihes egiten ari ziren zibilekin batera.
RSF gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gatazkan hildako bigarren kazetari frantziarra litzateke, Pierre Zakrzewski Fox News telebistako kameralariaren ostean. Otsailaren 24tik Ukrainan hildako zortzigarren berriemailea da.
Severodonetsk hiriaren egoera
Lehentxeago, Haidaik bi zibil hildakoren eta bost zaurituren berri eman du bonbardaketa batean, hiriaren kanpoaldean. Gainera, zonaldean "borroka bortitzak" izaten ari direla ohartarazi du buruzagiak, Errusiako tropak hiriaren hego-ekialdean eta ipar-ekialdean sartzen ari direlako.
Bestalde, Severodonetsk hiriko etxebizitzen % 90 suntsitzea leporatu zion Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiari igandean. Erasotzaileek euren bandera hiriko administrazioaren eraikinean altxatu nahi zutela ohartarazi zuen.