Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Bonbardaketak izan dira berriz ere Kiev inguruan
Azken asteotako erasorik bortitzena jasan dute Ukrainako hiriburuan. Handik gertu, Browaryn ere, erori dira misil batzuk. Gutxienez zauritu bat izan da Kieven baina azpiegitura nagusiak ez omen daude kaltetuta.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Vitali Klitschko Kieveko alkateak jakitera eman duenez, Errusiak bonbardaketak egin ditu gaur goizean hiriaren hegoaldean, Darnytsiaeta Dneprovsky inguruetan, eta gutxienez pertsona bat zauritu dute.
Telegramen argitaratutako mezu batean, alkateak azaldu du goizeko lehen orduan izan direla erasoak baina hiriko azpiegiturek ez dutela kalte handirik jasan: "hiriko zerbitzuak martxan daude bonbardatutako auzoetan" zehaztu du.
Aire bidezko erasoez ohartarazteko alarmak jo du eta herritarrei etxean geratzeko eskatu diete.
Gertu, Browary herrian ere, misilak erori dira baina ez da jakitera eman ondoriorik izan ote duten.
Sare sozialetan ke zutabeak ikusten diren bideoak zabaltzen ari dira.
Kieven ez da horrelako erasorik izan azken asteotean. Ukrainako hiriburua setiatuta egon zen gerraren hasieran eta eraso gogorrak jasan zituen baina azken aldian Donetsk eta Luhansk ari dira gehien sufritzen.
Putin: "helburu berriak erasotuko ditugu Ukrainak irismen luzeko misilak jasotzen baditu"
Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du Kieven "Europako tankeak eta ibilgailu blindatuak" suntsitu dituztela, eta gaineratu du Errusiako Indar Armatuek helburu berriei eraso egingo dietela Mendebaldeak Ukrainari irismen luzeko misilak ematen badizkio.
"Arma horiek ematen badizkiete, ondorioak izango ditu. Guk ere baditugu armak eta erabili egingo ditugu, orain arte erasotu ez ditugun helburuei eraso egiteko", adierazi du Errusiako telebista publikoko lehen kanalean egindako elkarrizketa batean.
AEBko Gobernuak Ukrainari 700 milioi dolarreko laguntza militarra emango diola iragarri ondoren egin ditu adierazpen horiek Putinek. Antza denez, AEBk 70 kilometrorainoko irismena duen HIMARS misilak bidaltzea aurreikusten du.
Nazioartetik joandako lau boluntario hil dira Errusiako Armadarekin borrokan
Bestalde, Ukrainako Armadak jakitera eman duenez, Herbehereetatik, Alemaniatik, Frantziatik eta Australiatik joandako lau boluntario hil dira Errusiako tropekin borrokan.
Ukrainaren Defentsarako Legio Internazionala delako taldean alistatu ziren boluntarioak, Ukrainako Armadan, atzerritarrek osatutako talde berezian.
"Gure anaia Ronald Vogel, Michael O'Neill, Bjorn Benjamin Clavis eta Wilfried Blerioren memoria goraipatu nahi dugu. Ez dugu hitzik euren zerbitzu eta sakrifizio gorena eskertzeko. Euren adorea eta oroimena beti izango dugu gogoan" argitaratu du Ukrainako Armadak Facebooken duen orrian.