Mundua -
GERRA UKRAINAN
Errusiak Ukrainako Armadaren blindatuak konpontzen zituen fabrika bati eraso dio Kharkiven
Bitartean, ukrainarrek Severodonetsken, Luhansk ekialdeko eskualdean, errusiarren erasoaldi gogorrari eusten diote.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako indarrek Ukrainako Armadako blindatuak konpontzen zituen lantegi bati eraso diote Kharkiv eskualdean, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.
"Errusiako Indar Aeroespazialek irismen luzeko misilez suntsitu dituzte Lozovaya herrian kokatutako planta mekaniko bateko zenbait bloke industrial, Ukrainako Armadako blindatuak konpontzen zituzten Kharkiv eskualdean", jakinarazi du Igor Konashenkov Errusiako agintearen bozeramaileak.
Iturri beraren arabera, Errusiako Indar Aeroespazialek ere doitasun handiko jaurtigaiekin suntsitu dituzte lau aginte-postu eta Ukrainako indarren eta gerra-ekipamenduen kontzentrazio-guneak.
Eraso horien ondorioz, 150 militar ukrainar baino gehiago hil dira, eta bi aginte-postu, hiru arma- eta erregai-biltegi, zortzi tanke eta blindatu, Grad anizkun anezka bat eta artilleria-bateria bat suntsitu dituzte Donetsk eskualdeko Kodema herrian.
Bitartean, Ukrainako armadak eutsi egiten dio Severodonetsk hirian, Luhansk ekialdeko eskualdean, errusiarrek gune estrategiko hori bereganatzeko abiarazitako erasoaldi gogorrari.
Serhii Haidai Luhanskeko Eskualdeko Administrazio Militarreko buruak Telegrameko bere kanalean astelehen honetan jakinarazi duenez, Ukrainako indarrek egoera zaila bizi dute eskualde horretan.
"Errusiarrak Severodonetsk erasotzen ari dira... Kaleko borrokak daude han. Hala ere, Ukrainako Indar Armatuek defentsari eusten diote. Atzo Luhansk eskualdeko gure posizio aurreratuak bisitatu zituen estatuburuak", idatzi du.
Haidaik hitz horiekin gogorarazi du Volodimir Zelenski presidenteak atzo Luhansk eta Donetsk eskualdeetan egindako ezusteko bisita.
Bi eskualdeak, errusiarren inbasioa hasi baino lehentxeago errepublika independente aldarrikatuak eta Moskuk onartuak, armada inbaditzailearen helburu nagusi dira egunotan.
Errusiako tropak Donbaseko Luhansk eta Donetsk eskualdeak erabat kontrolatzen saiatzen ari dira, baina orain arte ez dute helburu hori lortu.
Eskualde horiek konkistatuta, Moskuk korridore bat izango luke, Ukraina ekialdea eta hegoaldea lotzen dituena, Krimeako penintsularaino, errusiarrek 2014tik okupatzen dutena, bertatik materiala eta tropak eraman eta Ukrainako itsas sarbideak moztu ahal izateko.