Mundua -

ALEMANIA

Emakume bat hil da eta bederatzi pertsona larri zauritu dira Berlinen, auto batek harrapatuta

Poliziak azaldu duenez, gidariak, 29 urteko gizon batek, pertsona talde bat harrapatu du, denda bateko erakusleiho baten aurka talka egin baino lehen. Gertakaria Kurfürstendamm etorbidean jazo da, Alemaniako hiriburuaren merkataritza gune ospetsuenean.

Ibilgailu batek hainbat pertsona aurretik eraman ditu Berlinen. Reuters
Ibilgailu batek hainbat pertsona aurretik eraman ditu Berlinen
Auto bat jende artean sartu da Berlinen eta gutxienez pertsona bat hil du

0:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez emakume bat hil da eta bederatzi pertsona larri zauritu dira Berlinen, ibilgailu batek harrapatuta, agintariek baieztatu dutenez. Gertakaria Alemaniako hiriburuaren Kaiser Wilhelm eliza inguruan jazo da.

Poliziak eta suhiltzaileek pertsona baten heriotza baieztatu dute. Gainera, suhiltzaileek zehaztu dutenez, sei pertsonaren bizitza arriskuan dago. Beste hiru pertsona larri zauritu dira, eta hainbat arin zauritu dira, DPA albiste agentziak jakinarazi duenez.

Poliziak azaldu duenez, gidariak, 29 urteko gizon batek, pertsona talde bat harrapatu du, denda bateko erakusleiho baten aurka talka egin baino lehen. "Oinezkoen talde batek gidaria atxiki eta larrialdi zerbitzuen esku utzi du", erantsi du.

DPAren arabera, ibilgailu barruan gutun bat aurkitu dute ikertzaileek, non gidariak bere asmoak argi uzten zituen. "Zalantza barik, ez da istripu bat izan", esan du Bild egunkariak aipatutako iturri batek, baina oraingoz ez dute arrazoi politikorik ikusten eta, printzipioz, "hiltzaile" bat dela adierazi dute.

Gertakaria Kurfürstendamm etorbidean jazo da, Alemaniako hiriburuaren merkataritza gune ospetsuenean. Gidaria ibilgailuarekin espaloira igo da, pertsona talde bat harrapatuz. Ondoren, 200 metro inguru aurrera egin, errepidetik atera eta lurrin-denda bateko erakusleihoaren kontra talka egin du.

DPAk bildutako informazioaren arabera, adingabe talde bat biktimen artean legoke. Ikastetxe bateko ikasleak lirateke, baina Poliziak ez du xehetasunik eman. Hildakoa Hesseko eskola bateko andereño bat zen, Iris Spranger bertako funtzionarioak ziurtatu duenez.

Hain zuzen ere, 2016ko Gabonetan, inguru horretan bertan gidari batek "nahita" hainbat pertsona harrapatu zituen, eta horietako 12 hil egin ziren. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Alemania bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Harrapatzea gaur