Mundua -

Eskozia

Sturgeonek independentzia erreferenduma "legezkoa" izango dela agindu du, nahiz eta Londresek ez onartu

Eskoziako ministro nagusiaren hitzetan, Johnsonek "ez du autoritate demokratikorik Eskozian, ezta gehiengo moralik inon ere". Gogorarazi duenez, Brexitak Europar Batasunetik eta merkatu bakarretik atera zituen borondatez kontra.

Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren urteko independentzia erreferenduma "legezkoa" izango dela agindu du Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak, nahiz eta Westminsterren oniritzia ez izan.

Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) buruzagiaren ahotan, herri galdeketa aurrera eramateko, "mandatu demokratiko ukaezina" jaso zuten azken hauteskundeetan.

Horrela, Gobernuak erreferenduma deitzeko legitimotasuna duela azpimarratu du agintariak, eta legezkoa izango dela, nahiz eta Londresek ez onartu.

"Bidea egin behar dugu, beharrezkoa baldin bada 30. Sekzioaren baimenik gabe", esan du. 2014an, Londresek mekanismo hori erabili zuen, Holyrood Eskoziako Parlamentuari kontsulta arautzeko boterea emateko.

"30. Sekzioaren baimena negoziatzeko prest nago, orain demokrata bat izatea erabakitzen baldin badu", adierazi du Sturgeonek, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari erreferentzia eginez.

"Hala ere, 30. Sekzio barik aurrera jarraitzeko legezko bide bat ezarriko dut, beharrezkoa baldin bada. Erresuma Batuko Gobernuak ez ditu demokrazia eta Zuzenbidezko Estatua errespetatzen", nabarmendu du.

"30. Sekzioaren baimena negoziatzeko prest nago, orain demokrata bat izatea erabakitzen baldin badu"

Zentzu horretan, Sturgeonek aurreratu duenez, "laster" prozesu guztiaren eguneratze "esanguratsua" aurkeztuko du Holyrooden. Oraingoz aholku fasean dagoela zehaztu du Eskoziako buruzagiak.

Sturgeonen hitzetan, Johnsonek "ez du autoritate demokratikorik Eskozian, ezta gehiengo moralik inon ere". Gogorarazi duenez, Brexitak Europar Batasunetik eta merkatu bakarretik atera zituen borondatez kontra, merkataritzan, bizi-mailan eta zerbitzu publikoetan kalte handiak eraginez.

"Independentziaz eztabaidatzeko ordua da (…) Eskozia 2014an baino prestatuago dago", defendatu du Sturgeonek. Patrick Harvie Berdeen buruzagiak ministro nagusia lagundu du agerraldian. "Etorkizun ezberdin bat irudikatzeko" unea dela azaldu du Harviek, erronka globalei "eskuak lotuta" aurre egitera beharturik daudelako, Westminsterrek erabakiak hartzen dituen bitartean.

Downing Streetek, ostera, "beste erreferendum baten inguruan hitz egiteko momentua ez da", erantzun du. Horrela, "erronka globalei" aurre egiteko bi gobernuek "batera lan egitea", espero du Erresuma Batuko Exekutiboak. Besteak beste, bizitzaren kostua eta Ukrainako gerra aipatu ditu Londresek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Eskoziako independentzia erreferenduma Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Boris Johnson