Mundua -

Aljeria-Espainia krisia

Aljeriak "piromanotzat" jo du Albares krisi diplomatikoaren atzean Errusia dagoela iradoki duelako

Bestalde, Abdelmayid Tebune Aljeriako presidenteak Abderraman Raouya Finantza ministroa kargutik kendu du. Ardura horretan lau hilabete soilik zeramatzan eta Espainiarekin krisi diplomatikoa puri-purian dagoenean kargugabetu dute.

Jose Manuel Albares eta Pedro Sanchez Kongresuan. Argazkia: EFE
Jose Manuel Albares eta Pedro Sanchez Kongresuan. Argazkia: EFE
Jose Manuel Albares eta Pedro Sanchez Kongresuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aljeriako Gobernuak gogor kritikatu du Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa, bi herrialde horien arteko krisiaren atzean Errusia dagoela iradoki duelako. Hala, "piromanotzat" jo du eta diplomazialari izateko ahalmenik ez duela adierazi du.  

"Aljer-Madril: Albares piromanoaren ihesaldia" goiburupean, artikulu zorrotza argitaratu dute APS albiste-agentzia ofizialean, eta, besteak beste, Aljeriaren eta Espainiaren arteko krisi diplomatikoaren ardura Albaresi egotzi diote. Espainiak "merezi ez duen diplomazialaria" dela adierazi du Aljerreko Gobernuak, eta Adiskidetza Ituna hautsi zutenean Bruselara Espainiaren aldeko babesak biltzera joan izana aurpegiratu dio.

Ildo horretan, Albares Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri ministroa "manipulatzen" eta Europako Batzordearen "sinesgarritasuna zikintzen" ahalegindu zela salatu du.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu izana gogor kritikatu du. "Albaresek bere Gobernua barregarri utzi du Parlamentuaren nahiz Espainiako iritzi publikoaren aurrean", gaineratu du.

Aljeriako Finantza ministroa kargugabetu dute

Bestalde, Abdelmayid Tebune Aljeriako presidenteak Abderraman Raouya Finantza ministroa kargutik kendu du. Ardura horretan lau hilabete soilik zeramatzan.

Halaber, Brahim Jamal Kassali Finantza Ministerioko idazkari nagusia izendatu du behin-behinean ministerio horretako zuzendari.

Gobernuak ez du inolako azalpenik eman, baina kargugabetzea Aljeriak Espainiarekin zuen Adiskidantza Ituna hautsi izanak eragin duen krisi diplomatikoaren erdian iritsi da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioartea Errusia bideoak Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak