Mundua -
Erresuma Batua
Johnsonen Gobernuak erbesteratze egitasmoa mantentzen du, nahiz eta salaketa ugari aurkeztu
Priti Patel Barne ministroak Komunen Ganberan adierazi duenez, Ruandako Gobernuarekin adostutako programarekin "konprometiturik jarraitzen" du Londreseko Exekutiboak.
Agentziak | EiTB Media
Asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko planarekin aurrera jarraituko duela baieztatu du Erresuma Batuko Gobernuak, nahiz eta salaketa ugari aurkeztu eta asteartean lehen hegaldia bertan behera uztera behartu.
Priti Patel Barne ministroak Komunen Ganberan adierazi duenez, Kigaliko Gobernuarekin adostutako programarekin "konprometiturik jarraitzen" du Londreseko Exekutiboak. Patelek Afrikako herria "iraintzen" dutenak kritikatu ditu, "zertaz hitz egiten ari diren ez dakitelako".
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren azken orduko erabakiarekin "ezustekoa" hartu du Patelek. Ingalaterrako base militar batean, Boeing 747 hegazkinaren aireratzea bertan behera uztera behartu zuen Auzitegiak. Hala ere, beste hegaldi bat "dagoeneko prestatzen hasi" direla erantsi du buruzagiak.
"Legea aldatzea"
Auzitegiaren erabakiaren ostean, Alderdi Kontserbadoreko sektore batzuek 1953ko Giza Eskubideen Europako Adierazpenetik urruntzea eskatu diote Gobernuari. Paradoxikoki, Erresuma Batuak adierazpena egiten lagundu zuen. Auzitegia ez da Europar Batasunaren parte, Europako Kontseiluaren zati baizik. Erresuma Batuak bigarreneko kide izaten jarraitzen du.
Boris Johnson lehen ministroak "legea aldatzea" beharrezkoa izan daitekeela esan du dagoeneko.
Europako Auzitegiak egitasmoa bere osotasunean "legez kanpokotzat" jo ez zuela nabarmendu du Patelek gaur, hiru pertsona migratzaileren erbesteratzea debekatu baizik, Erresuma Batuko Justiziak uztailean erabaki bat hartu bitartean.
Patelen ahotan, presioek ez dute politika "moralki arduratsua" zapuztuko, nahiz eta Erresuma Batuan zein kanpoan kritika ugari jaso.
Bestalde, sinatutako akordioarekin "konprometiturik" jarraitzen duela berretsi du Ruandak asteazken honetan. Aurreneko deportatuak iristeko zain, instalazioak prest dituela berretsi du Kigalik.
"Hondamendi bat da"
Parlamentuan, Yvette Cooper bozeramaile laboristak Gobernu kontserbadorearen plana "hondamendi" bat dela esan du. Asilo sistema hobetzea eta zabaltzea eskatu du, erabakietan bost urteko atzerapenak pilatzen direlako.
Amnistia Internazionalaren hitzetan, astearteko hegaldiarekin gertatutakoak politika "anker" horren amaiera suposatu beharko luke.