Mundua -
Hauteskunde legislatiboak
Parte-hartzea jaitsi egin da arratsaldean Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeen bigarren itzulian
Goizean koska bat gora egin ondoren, parte-hartzea % 38,11koa izan da 17:00etarako emandako datuen arabera, % 1,31 baino gutxiago duela astebeteko lehen itzuliarekin alderatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako hauteskundeen bigarren itzulian 17:00etan izandako parte-hartzea lehen itzuliaren azpitik geratu da, % 38,11rekin. Hala, duela astebete ordu berean botoa emandako kopuruarekin alderatuta, parte-hartzea % 1,31 txikiagoa izaten ari da.
Horrela, Frantziako herritarrek botoa ematen jarraituko dute igande honetan, Emmanuel Macron presidenteak eta bere koalizioak babesak galtzearen zalantzari eta zailtasunei aurre egin behar dieten hauteskundeei amaiera emateko. Izan ere, zalantzan dago presidentearen indarrak Asanblea Nazionalean duen gehiengo osoa.
Lehen itzulian, ezkerrak, Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berriaren (Nupes) aliantzapean pilatuta, emaitza onak lortu zituen, eta presidentearen taldea kinka larrian dagoela dirudi, bere boterea gordetzeko eta Kabinetea bere horretan mantentzeko behar dituen babesak batzeko gai denik argi geratu gabe.
Macronek dagoeneko ohartarazi die ministroei: eserlekuak berritu ezean, Gobernutik kanpo geratuko dira. Horrek arriskuan jartzen ditu eserleku bat lortzeko aukera duten eta hauteskundeetako lehen itzulian ziurtatzea lortu ez duten hamabost goi-kargudunak.
Ultra eskuina
Marine Le Penen alderdiari jarritako hesiari eutsiko diotela dirudien arren, indar politiko nagusiek euren burua ixilarazi dute nolabait, bigarren itzuli honetan babesak galtzeko arriskuagatik. Azken egunetan auzi honen gainean anbiguo izatea leporatu diote Frantziako Gobernuari. Azkenean Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak Exekutiboaren jarrera argitu du: "ez diogu muturreko eskuinari ahots bat ere ez eman behar".
Abstentzioa
Herritarren parte-hartzeak kezka eragin du bigarren itzuliari begira, izan ere, lehenengoan abstentzio historikoa izan zen (% 52koa), 2017koa baino txikiagoa. Horrek agerian utzi du frantziarren "gogogabetasuna". Inkesten arabera, Estatuburuarenganako konfiantza galdu dute herritarrek, eta ez dute uste ezkerreko aliantzak arrakasta handirik lortuko duenik.