Mundua -

Europar Batasuna

Europar Batasuneko agintariek Ukrainaren eta Moldaviaren integraziorako hautagaitzak onartu dituzte

Europar Batasunean sartu aurretik, baina, Bruselak eskatutako erreformak egin beharko dituzte Ukrainak eta Moldaviak.

Ursula Von der Leyen eta Volodimir Zelenski. Artxiboko argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen eta Volodimir Zelenski. Artxiboko argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen eta Volodimir Zelenski. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina eta Moldavia Europar Batasunean sartzeko hautagai ofizialak dira jada. Estatus hori aitortu diete EBko agintariek ostegun honetan Bruselan egin duten goi-bileran. Ezohiko erabakia da, gerran dagoen herrialde baten hautagaitza onartu dutelako eta bide azkarretik egin dutelako.

Edonola ere, EBko kide bilakatzeko prozesuak luze joko du; izan ere, aurrez, Europako Batzordeak ezarritako baldintzak bete beharko baitituzte bi herrialdeek. Besteak beste, hainbat erreforma egin beharko dituzte, botere judizialaren independentzia eta ustelkeriaren eta krimen antolatuaren aurkako borroka bermatzeko. Halaber, oligarkiaren boterea legez mugatzea eskatu diete.

Georgiak ere eskatu zuen EBn sartzea, baina, oraingoz, ez diote eman hautagai estatusa.

Erabakiaren iragarpena Xavier Bettel Luxenburgoko lehen ministroak egin du sare sozialetan ondoko mezua idatzita, eta ondoren Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak berretsi dute.

"Akordioa. Europako Kontseiluak erabaki berri du hautagai estatusa aitortzea Ukrainari eta Moldaviari. Une historikoa da, urrats erabakigarria baita Europar Batasunean sartzeko bidean", adierazi du Michelek. Mezu berean Volodimir Zelenski eta Maia Sandu Ukrainako eta Moldaviako buruzagiak zoriondu ditu, hurrenez hurren. "Etorkizunean batuta egongo gara", erantsi du.

Von der Leyenek azpimarratu du "egun ona" dela Europarentzat, Ukrainarentzat, Moldaviarentzat eta Georgiarentzat, azken horri hainbat erreforma egin arte estatusa ematea ukatu badiote ere.

"Zuen herrialdeak Europako familiaren parte dira eta gaurko erabaki historikoa horren erakusgarri da", adierazi du.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere gaurko akordioa "historikoa" dela esan du.

Bestalde, Albaniako, Ipar Mazedoniako eta Serbiako agintariak Bruselan izan dira gaur Balkanetako herrialde horiek Europar Batasunean sartzeko prozedura desblokeatzeko asmoz, baina goi-bilera inolako erabakirik hartu gabe amaitu da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Eguneko albisteak Albisteak